Marea Urdina bihar hasiko da Mutrikuko Saturraran hondartzan
Marea Urdina egitasmoa azken txanpara iritsi da. Izan ere, autismoaren aldeko igeri zeharkaldi solidarioa bihar 08:00etan hasiko da Mutrikuko Saturraran hondartzan. Aritz Orbegozo Marea Urdinaren sustatzaileak adierazi duenez, zeharkaldia hasteko gogot...
Hamahiru etapatan banatuta, 34 itsas milia egingo dituzte igeri Gipuzkoako kostaldean zehar, eta lehengo bi etapak Mutrikutik igaroko dira: Saturraran-Mutriku (3,8 km) eta Mutriku-Deba (2,1 km).
Saturraran eta Mutriku batzen dituen zatia egiten lehenak sei bat igerilari izango direla aurreratu dute, eta nahi dutenak horiek animatzera hurbiltzera gonbidatu dituzte. Are gehiago, Mutrikuko herritar batzuek Marea Urdineko taldearekin lehen metroak igeri egiteko aukera edukiko dutela nabarmendu dute. «Karraspio ontzian agertuko gara Saturraranera. Han lehenengo taldeko igerilariek hasiko dute lehenengo etapa. Gu beraiekin hasiko gara igerian. Sinbolikoki metro batzuk egingo ditugu». Igerilariei laguntzen, hainbat jende joango da, paddle gainean edo itsasontzietan.
Taldearekin batera Karraspio ontzia joango da uneoro, eta beste txalupa laguntzaile bat ere joango da. «Txalupa horrek hurrengo taldeari zeharkaldia noiz datorren jakinaraziko dio. Herri bakoitzera gerturatzen garenean, txirrina joko dugu».
Eskerrak emanez
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektuarekin bat egin dutenei. «Mutrikuko herriari ere bai, hasiera-hasieratik lagundu digute gauza askotan eta babes handia eman digute».
Olatu urdinak ez du geldialdirik egingo, eta bihar Orioraino joango dira. Domekan, berriz, Orio eta Hondarribia arteko tartea egingo dute.