Zapatuan [uztailak 7] Arnasa Eguna egin zuten Ondarroan. Arnasa (Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkartea) Elkartearen jai solidarioa laugarren urtez egin zuten, fibrosi kistikoa duten pertsonen eta familien alde. Beste behin ere jende askorek parte hartu zuen jaian, eta herritarrek elkarteari beste behin ere bultzada ederra eman diotela nabarmendu du Noemi Uribe Arnasa Elkarteko kideak. “Gure egunerokotasuna aurrera eramateko indarra ematen digute horrelako egunek”.
Uribek gaineratu duenez, Ondarroako herriak beste behin ere elkartasun keinua izan du jaiagaz, berau babestuz. “Urtetik urtera jende gehiago batzen da. Azkenean egindako behar guztiak merezi izan du. Egun borobila izan zen, eta dena primeran joan zen”.
Iñigo Martinez Athletickeko jokalaria jaian parte hartzen. Argazkia: Arnasa jaia
Arnasako kideak pozik daude herritarren aldetik jaso duten erantzunagatik. Eta bertan parte hartu duten guztiei eta lagundu dutenei eskerrak eman dizkiete. “Batez ere, Ondarroako Udala, Zatozte eta Cikautxo eskertu nahi genituzke. Musika Eskola, Artelan, Artaka eta Nahia Iparragirre, Asisko Urmeneta eta bere taldea. Angel Oiarbide ere jaira etorri zen, eta hori ere eskertzekoa da. Nerea Gartziari ere eskerrak eman nahi dizkiogu, beti dagoelako hortxe. Iñigo Martinez ere ezin dugu aipatu barik laga, asko laguntzen digulako. Sariak eman duten guztiei, jaia aurrera ateratzen lagundu duten denei, lagunei, familiari… horiek barik ezingo litzateke hau guztia posible egin”.
Jaiari dagokionez, ohi modura, festa giroan ospatu zuten eguna. Arnasakoek egitarau zabala prestatu zuten, eta hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera izan zuten herritarrek, giro ederrean. Umeentzako jolasak, tailerrak, tonbola solidarioa, sardina jana, entzierro mekanikoa, musika eta askoz gehiago egon ziren zapatuan Ondarroan.
Eskolatik Alamedara egindako kalejiragaz hasi zen Arnasa Eguna. Artelaneko erraldoiak, trikitilariak eta pandero jotzaileak kalez kale ibili ondoren, Zazpi jausiak dantzatu zuten Alamedan. Jarraian, 12:00ak pasatxo, jaiari hasiera ofiziala eman zioten bolanderak jaurti zituen. Ostean, bazkal ordura arte, hainbat ekimen egin ziren Alamedan zein Itsas Aurre plazan. Besteak beste, tonbola solidarioa egin zen Alamedan. “Sekulako ilarak egon ziren, eta ordubetean dena banatu zen”.
Jaian parte hartu zuten herritarrak eta antolatzaileak, Sunsurkodan taldearen kontzertuaren ostean. Argazkia: Arnasa Elkartea
Asisko Urmenetak eta beragaz etorritako marrazkilari taldeak, berriz, 200 karikatura inguru egin zituzten. Eta eguerdiko ekimenekin amaitzeko, hainbat herritarrek argazki erraldoia atera zuten Alamedan, Arnasa elkarteko kamisetak soinean. Arratsaldean, berriz, beste hainbat ekimen egin zituzten. Entzierroa mekanikoan, Txantxariak taldearen ikuskizunean eta Sunsunkordan taldearen kontzertuan ere jende asko batu zela agertu dute.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.