Ondarroa 2017 urtekaria kaleratu dute Ondarroako Historia Zaleak elkarteko kideek, Ondarroako Udalaren laguntzagaz. Ohi modura,
hainbat artikulu batu eta idatzi dituzte, argazki askoregaz lagunduta. Eta argitalpen guztien artean Imanol Oruemazaga Baseta OHZko kideari buruzko autobiografia jaso dute.
Oruemazagak, gainera,
sekulako artxibo historikoa osatu zuen bizi zen artean, eta hantxe aurkitutako argazkiekin osatu dute historialiariari, idazleari eta ekintzaileari buruzko autobiografia. “Duela zazpi bat urte elkarrizketatu genuen Imanol, eta bere bizitzaren zati bat kontatu zigunez, autobiografia izendatzea erabaki dugu. Biografiak, askotan, hotzak izaten dira, baina, kasu honetan, ez du bakarrik berak bizi izan zuen kontatzen, garaian garaiko giro politikoa edo erlijiosoa zelan ikusten zuen kontatzen du bere iritziaz emanaz”.
Imanol Oruemazaga abade lanetan, 1969an. Argazkia: OHZk utzitakoa
Imanol Oruemazagaren autobiografiaz gain,
Jose Mari Argoitia kazetari ondarrutarraren bizitzari ere errepaso bat eman diote. Besteak beste, Itoizen egindako lana, kazetari aritutako urteak edota Marabilli festibaleko antolaketan egindako lana jaso dituzte. “2016an zendu zen, eta iazko Marabilli festibalean omendu zutela aitzakia erabilita, hori jasotzea erabaki dugu”.
Era berean,
balandrei buruzko kontakizuna ere jaso dute. Maria Rosario Urrosolo Arantzamendik umetaz balandretan behar egin zuen. Balandrak, zehatz esanda, hurbileko garraioan ibilitzen ziren zurezko garraio ontziak ziren, eta garraio hori zelan egiten zuten azaltzen du Urrosolok. “Maria Rosario 2017an hil zen, eta bere omenez duela urte batzuk eginda genuen elkarrizketa argitaratzea erabaki dugu”.
Kirola ere mintzagai. Gai horiez gain, urtero legez, argazki zaharrekin osatutako otzara eta 100 urte jaiotakoen zerrenda ere jaso dituzte argitalpenean. Azken urteotan, gainera, kirolari buruzko erreportajea egiten dute, eta aurten Lea-Artibai emakumeen arraun taldeari buruzko erreportajea egin dute.
Jose Mari Argoitia gaztetan, gurasoekin. Argazkia: OHZk utzitakoa
Urtero portuko jarduerei buruzko artikulo bat ere jasotzen dute urtekarian, eta aurten
bentaren prozesua zelan egiten den jaso dute. “Lonja berria egitekotan dira, eta gaur egun benta ezagutzen dugun modura desagertu egingo da, eta hori etorkizunerako jasota geratzeko ideia ona zela iruditu zaigu”.
Gaineratu dutenez, irakurleak
beste hainbat gai ere aurkituko ditu urtekarian: Plaiko Zubiaren konponketa, 1909ko galarrena, Ondarroa orain dela 50 urte zelan zegoen edo Santa Klarako amabirjinaren zaharberritze lanen artikuluak, adibidez. “Herriko gauzei buruzko interesa eta historia gustuko duen edonori urtekaria interesgarria suertatu ahal zaiola uste dugu. Maitasun guztiagaz egiten dugu urtekaria, eta lantzen ditugun gaiak ahalik -eta hobetuen lantzen ahalegintzen gara”.
Herriko talde kulturalak gogorarazi duenez, laguntzaile eta kolaboratzaileentzako ateak zabalik dituzte
Urtekaria herriko prentsa salmenta puntuetan eta liburu dendetan ere erosi ahal izango da.
Sei euroren truke, honako tokietan erosi ahal izango da argitalpen berria: Irkaitz, Idiakez, Zurrumurru, Garoa, Kurike eta Turismo Bulegoa.
Herriko talde kulturalak gogorarazi duenez, laguntzaile eta kolaboratzaileentzako ateak zabalik dituzte. “Batenbatek artikuluk idazten baditu, argazki zaharrak baditu edo elkarbanatu nahi duen materiala badu eskuzabalik hartuko dugu. Beste alde batetik, gazte asko historia edo artearen historia ikasten ari dira eta karrera bukaerako proiektuak aurkezten dituzte, eta tartean, ziuraski, Ondarroari buruzko gauzak aurkeztuko dituzte. Eta behar horiek gurekin konpartitu nahi dutenentzako ere ateak zabalik ditugu; horiek jasotzeko eta publikatzeko prest gaude”.