Unescoren Munduko Geoparkeen Sareko aztertzaileak Geoparkearen kudeaketa eta esparru ezberdinetan egin diren aurrerapausoak aztertzen ari dira egunotan, Unescoren Munduko Geoparke
izendapenari beste lau urtez eutsiko dion erabakitzeko.
Mike Sweeney Irlandako
Copper Coast Geoparkeko zuzendaria eta Marekazu Ohno Japoniako
Unzen Volcanic Geoparkeko zuzendari ordea Euskal Kostaldeko Geoparkeko hiru herriak eta interesgune nagusiak bisitatzen ari dira, eta gaur [uztailak 11] Mutrikun izan dira.

Jon Lekube aztertzaileei azalpenak ematen
Sweeney eta Ohno
azterketa sakona egiten ari dira, eta erakundeetako ordezkariekin, teknikariekin eta inguruko eragileekin batzeko aukera izan dute. Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatu dituzte. Mutrikun, esaterako, Nautilus Interpretazio Zentroa, Arrietakua jauregia, alde zaharra eta portua bisitatu dituzte goizean. Atxukalen, besteak beste, olatu plantari buruzko xehetasunak jaso dituzte Jon Lekube Energiaren Euskal Erakundeko teknikariaren eskutik.
Ondoren, Olatz bailarara joan dira Leire Barriuso Geoparkeko gerenteak eta Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak lagunduta, besteak beste. Olatzen bazkaldu eta gero, berriz, ZiƱua baserria eta kobazuloak bisitatuko dituzte. Olatzeko ibilbide geologikoa ere ezagutu dute, eta tartean, jentiletxetik ere pasako dira. Bertan daudela aprobetxatuta, gainera, Goienetxe baserrira ere hurbilduko dira. Mutrikuko bisita Arkugain elkartean egingo dute afariarekin amaituko dute.

Ezkerretik eskumara: Leire Barriuso, Marta Amonarriz, Mikel Lopez Horgue, Asier Hilario, Jon Lekube, Mike Sweeney eta Marekazu Ohno.
Bisita egitearekin batera, ebaluatzaileek azken lau urteetako kudeaketa eta eman diren aurrerapausoak ere aztertuko dituzte. Unescoren izendapena mantentzen duen edo ez jakiteko. Ebaluazio tartea bihar [uztailak 12] amaituko dute Zumaian. Txostena egin eta berorren azterketaren emaitza
2019ko martxoan ezagutzera emango dute.