Imanol Oruemazagari buruzko autobiografia jaso du OHZren urtekariak
Oruemazagak bere bizitzari buruz egindako kontakizuna eta hari buruzko soslaia bat ere jaso dute autobiografian. Jose Mari Argoitiaren bizitzari ere errepaso bat eman dioteOndarroa 2017 urtekaria kaleratu dute Ondarroako Historia Zaleak elkarteko kidee...
Oruemazagak bere bizitzari buruz egindako kontakizuna eta hari buruzko soslaia bat ere jaso dute autobiografian. Jose Mari Argoitiaren bizitzari ere errepaso bat eman diote
Ondarroa 2017 urtekaria kaleratu dute Ondarroako Historia Zaleak elkarteko kideek, Ondarroako Udalaren laguntzagaz. Ohi modura, hainbat artikulu batu eta idatzi dituzte. Eta argitalpen guztien artean Imanol Oruemazaga Baseta OHZko kideari buruzko autobiografia jaso dute.Oruemazagak sekulako artxibo historikoa osatu zuen bizi zen artean, eta hantxe aurkitutako argazkiekin osatu dute historialariari, idazleari eta ekintzaileari buruzko autobiografia. «Duela zazpi bat urte elkarrizketatu genuen Imanol. Biografiak, askotan, hotzak izaten dira, baina, kasu honetan, ez du bakarrik berak bizi izan zuena kontatzen, garaian garaiko giro politikoa edo erlijiosoa zelan ikusten zuen kontatzen du bere iritzia emanaz».
Oruemazagaren autobiografiaz gain, Jose Mari Argoitia kazetariaren bizitzari ere errepaso bat eman diote. Besteak beste, Itoizen egindako lana, kazetari aritutako urteak edota Marabilli festibaleko antolaketan egindako lana jaso dituzte. «2016an zendu zen, eta iazko Marabilli festibalean omendu zutela aitzakia erabilita, hori jasotzea erabaki dugu».
Era berean, balandrei buruzko kontakizuna ere jaso dute. Maria Rosario Urrosolo Arantzamendik umetaz balandretan behar egin zuen. Balandrak, zehatz esanda, hurbileko garraioan ibilitzen ziren zurezko garraio ontziak ziren, eta garraio hori zelan egiten zuten azaltzen du Urrosolok. «Maria Rosario 2017an hil zen, eta bere omenez duela urte batzuk eginda genuen elkarrizketa argitaratzea erabaki dugu».
Herriko liburudendetan
Gai horiez gain, irakurleak beste hainbat gai ere aurkituko ditu urtekarian: argazki zaharrekin osatutako otzara, orain 100 urte jaiotakoen zerrenda, Lea-Artibai emakumeen arraun taldeari buruzko erreportajea, benta zelan egiten den, Plaiko Zubiaren konponketa, 1909ko galarrena edo Santa Klarako amabirjinaren zaharberritze lanari buruzko artikuluak, adibidez. «Herriko gauzei buruzko interesa eta historia gustuko duen edonori urtekaria interesgarria suertatu ahal zaiola uste dugu. Maitasun guztiagaz egiten dugu urtekaria, eta aukeratzen ditugun gaiak ahalik-eta hobetoen lantzen ahalegintzen gara».
6 euroren truke, honako tokietan erosi ahal izango da argitalpen berria: Irkaitzen, Idiakezen, Zurrumurrun, Garoan, Kuriken eta Turismo Bulegoan. Gogorarazi dutenez, laguntzaile eta kolaboratzaileentzako ateak zabalik dituzte.