Martitzenetan udako zinemaz gozatzeko aukera dute eatarrek
Uztailaren 31ra bitartean, udako zinemagaz gozatzeko aukera edukiko dute eatarrek martitzenero, Eskolondon. 21:00etatik aurrera, adin eta ikusle guztientzako mota ezberdinetako filmak eta dokumentalak emango dituzte.Hain zuzen, aste honetan hasi dute u...
Hain zuzen, aste honetan hasi dute udako zinema denboraldia. Hasiberria film frantsesa proiektatu zuten martitzenean, eta jatorrizko hizkuntza frantsesa izan arren, euskarazko azpitituluekin eskaini zuten.
Bigarren ikus-entzunezkoa hilaren 17an emango dute. Saio horretan, film laburretan emakumeek izan duten presentzia landuko dute, eta horretarako, bost film labur eskainiko dituzte. 2011, 2012 eta 2013. urteetan estreinatutako The Curse, Mobile homes, RAE, What bring to America eta Irene dira aukeratutakoak. Guztira, 76 minutuko emanaldiaz gozatu ahal izango dute Eskolondon bildutakoek.
Halaber, musika filmez gozatzeko, 2015. urtean estreinatutako Fermin Muguruzaren Nola? dokumentala proiektatuko dute hilaren 24an.
Eta denboraldiagaz bukatzeko, Xuban Intxaustiren Eskola Ibiltaria filma egongo da ikusgai. Azken emanaldian errefuxiatuek dauzkaten arazoak lantzen dira, ikasketei eta eskolei buruzkoak. Dokumentalak ekintza artistikoa proposatzen die Ghersoko kanpalekuko (Grezia) haur siriarrei: animaziozko film laburra egitea. Izan nahi luketen eta ez duten eskolari buruzko kezkak eta nahiak adieraziko dituzte.