Giro ederragaz datoz jaiak
Karmen jaiak ospatzeko prest daude Ondarroan, Gautegiz Arteagako Zendokiz auzoan eta Bermeoko Mañu auzoan. Askotariko ekintzak prestatu dituzte bateko zein besteko jaietan.Tradizio handiko Karmen jaiak ospatuko dituzte gaur hasi eta martitzena bitarte...
Karmen jaiak ospatzeko prest daude Ondarroan, Gautegiz Arteagako Zendokiz auzoan eta Bermeoko Mañu auzoan. Askotariko ekintzak prestatu dituzte bateko zein besteko jaietan.
Tradizio handiko Karmen jaiak ospatuko dituzte gaur hasi eta martitzena bitartean, Ondarroan eta Gautegiz Arteagako Zendokiz eta Bermeoko Mañu auzoetan.Ondarroan, esaterako, arrantzaleen babeslearen omenezko jaiak antolatu dituzte Galizia Etxeko kideek. Datozen egunotan ez da ekimenik faltako Itsasaurre plaza inguruan.
Goizetik eguerdira bitartean, Itsasaurren propio ipinitako txosnetan Galiziako produktu tipikoak dastatzeko aukera egongo da, egunero: olagarroa, enpanada galegoa, lakoia, txerri belarria, txorizoa, Tetilla gazta, Galiziako ardo tipikoak eta Santiago tarta aukeran egongo dira, besteak beste.
Horiekin batera, ezingo dira falta Galiziako folklorearen ezaugarria diren gaitak eta dantzak. Euskal Herriko hainbat Galizia etxeetatik etorritako gaiteroak eta dantzariak kalez kale ibiliko dira datozen egunotan. Eta ohiturekin jarraituta, keimada mistikoa ere prestatuko dute, zorte ona erakartzeko konjuruak esanda.
Etzi, ostera, Karmengo Amaren inguruan egun berezia biziko dute. Elizara prozesioa egingo dute Karmengo ama birjinagaz batera. Mezaren ostean, itsasoan galdutako eta hildako arrantzaleei omenaldi xume bezain hunkigarria eskaintzeko tartea izango da. Elizatik irten eta prozesioan alde zaharrera joango dira. Ontzietan sartu eta itsasoan galdutako eta hildako arrantzale guztiei lore eskaintza egingo diete badian.
Karmen jaiak, gainera, musikaz blai etorriko dira Ondarroara. Bazkal aurreko uneak Bermuth saioko dantzaldiek alaituko dituzte, eta iluntzeak eta afal osteak ere musikaz girotuta egongo dira.
Pardaidetza erraztera
Gautegiz Arteagako Zendokiz auzoan, bestalde, Karmen bezperan egingo dituzte jaietako ekintza nagusiak, herritarren partaidetza errazte aldera. «Herritar asko hurbiltzen dira jai egun hau ospatzera, eta denok aukera izan ahal izateko, aurten bezpera egunean ospatuko dugu, hilaren 15ean. Egun polita da guztiontzat, eta oso garrantzitsua da herriko ohiturak eta jaiak mantentzea elkartasun eta jai giroan», nabarmendu du Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak.
Jaiei dagokienez, Zendokiz auzoko Karmengo baselizaren bueltan egingo dituzte ospakizunak. Meza nagusia, euskal dantzak Artie Dantza Taldearen eskutik eta erromeria aurreikusi dituzte, besteak beste, jaietarako.
Bermeoko Mañu auzoko Karmengo jaietan, azkenik, Sukalki Eguna, tortilla txapelketa, herri kirolak eta umeentzako jokoak antolatu dituzte, bestek beste, Bermeoko Mañu auzoko Karmengo jaietan. Jaiak Mañu auzoko jai batzordeak antolatzen ditu Bermeoko Udalaren laguntzagaz. «Bermeoko Udalak Ma- ñuko bizilagunei jai zoriontsuak opa dizkie, eta herritar guztiak gonbidatu ditu jaietan parte hartzera».
Jai batzordeko kideek nabarmendu dutenez, Euskaraldiak Mañuko jaietan ere presentzia edukiko du. Herritarrei informazioa eskainiko diete, eta horretarako, eskuorriak eta gazteentzako denborapasak banatuko dituzte. Era berean, Euskaraldi- aren mahonezko zapiak erosteko aukera ere egongo dela jakinarazi dute.