Trikimailuak praktikatzeko hamabi orduko skate jaia
Skatea herritarrengana hurbiltzeko gogoz, Ogroskate jaia ospatu zuten zapatuan, Gernika-Lumoko San Kristobal plazan. Ekimenez ekimen, sei talde aritu ziren arratsaldeko giroa berotzen; antolatzaileak pozik daude.Trikimailuak eta jauziak ez ziren falta...
Skatea herritarrengana hurbiltzeko gogoz, Ogroskate jaia ospatu zuten zapatuan, Gernika-Lumoko San Kristobal plazan. Ekimenez ekimen, sei talde aritu ziren arratsaldeko giroa berotzen; antolatzaileak pozik daude.
Trikimailuak eta jauziak ez ziren falta izan zapatuan, Gernika-Lumon. Denetariko probak izan zituzten aukeran Ogroskate jaira bertaratutako irristatzaileek, eta bakoitza zertarako gai den erakutsi zuten San Kristobaleko pistetan.«Oso pozik gaude lortutakoagaz. Ez zen jendetza batu, baina espero genuena gainditu du», azaldu du antolatzaileak. Jendea ondo pasatzera hurbildu zela argi dauka antolatzaileak, eta hori pozgarria dela uste du.
Gainera, lortutakoa aztertu bezain laster, hurrengo urtera begira jarri zirela aitortu du: «Egitarau beragaz jarraitu nahi dugu, baina badaude hobetu beharreko gauzak, eta hala egingo dugu, gure jaia delako». Zortzi urtez ospatu gabe egon den skate jaira gernikarrak ez ezik, inguruetako herrietako jendea ere hurbildu zela azaldu du antolatzaileak: «Skatea praktikatzen dutenak oraindik badaudela erakusteko Bilbotik, Barakaldotik eta Gasteiztik ere etorri zen jendea; inguruko gaztetxoak ere bertan egon ziren».
Irristatzaileen topagunea
Ogroskate jaiaren aurrekaria Agroskate jaialdia izan zen, eta horren antolatzaile eta esataria Rober Garai izan zen. Hori ere Gernika-Lumon egon zen zapatuan, «Agroskateko giroa berriz bizitzeko gogoz». Garaik egindako lanagaz jarraitu du antolatzaileak, eta etorkizunean «oraingo gazteek» gauza bera egitea espero duela azaldu du.
Hamabi orduz egon ziren skate gainean bertaratutakoak, goizetik hasi eta ilundu bitartean. Txiki, gazte zein nagusiek proba ezberdinekin hasi zuten eguna, eta horrela jarraitu zuten eguerdira bitartean.
Denetariko probak egin zituzten; trikimailuekin zerikusia zutenak, jauzi ezberdinak praktikan jartzen zituztenak edota momentuan antolatzaileek asma- tzen zituztenak. Jaialdira, baina, arratsaldean hurbildu zen goizean baino jende gehiago. Ordu erdiko kontzertuek eta eguraldiak lagunduta, skatea praktikatzen jarraitu zuten.
Sei musika talde igaro ziren pisten ondoan jarritako oholtzatik, eta irristatzaileak zein herritarrak girotu zituzten doinuz. Amaitzeko, DJa aritu zen San Kristobal plazan ordubetez.