Eako herrigunean zirkulazio aldaketak egin dituzte
Donibane enparantzan eta Goikobideako espaloian aparkatzea debekatu dute. Zamalanetarako lekuak zehaztu dituzte. Neurriak ezarri dituzte irailaren 8ra arteNagusia, Aritza, Altxikar (1-8), Kalebarria, Belen, Jesus, Aboitiz eta Kortazar kaleetan ibilgail...
Donibane enparantzan eta Goikobideako espaloian aparkatzea debekatu dute. Zamalanetarako lekuak zehaztu dituzte. Neurriak ezarri dituzte irailaren 8ra arte
Nagusia, Aritza, Altxikar (1-8), Kalebarria, Belen, Jesus, Aboitiz eta Kortazar kaleetan ibilgailuen zirkulazioari dagozkion hainbat aldaketa egin dituzte.Eako herriguneko hirigintza berezia dela eta, arazoak sortzen dira oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorriak bideratzeko, herrigunea ez baitago ibilgailuen zirkulaziorako diseinatuta.
Horri irtenbidea eman asmoz hartu dituzte aipatutako neurriak. Oinezkoen erabilera «atsegina eta segurua» izatea da helburua, eta aldi berean, egoiliarren, merkatarien eta egoera berezian dauden beste herritar batzuen garraio beharrak asetzea.
Debekatuta dago Donibane plazan zein Goikobideako espaloian aparkatzea.
Asteburuetan eta jai egunetan izan ezik, zamalan arinak (3,5 Tm-tik beherako gehieneko pisu baimenduna eta 3m-ko galiboa duten merkataritza ibilgailuak) Denda kalean egin behar dituzte astelehenetik barikura bitartean, 09:00etatik 12:00etara. Horretarako, ibilgailuak Donibane plazatik sartu eta Kurtzia kaletik atera behar dira.
Zamalan astunak (3,5Tm-tik gorakoak edo 3m-ko galibo baino gehiagokoak) Aboitiz eta Kortazar enparantzan egin behar dituzte, astelehenetik barikura, 09:00etatik 12:00etara.
Baimendun ibilgailuak
Irailaren 8ra bitartean debekatuta dago ibilgailu motordunek Nagusia, Aritza, Altxikar (1-8), Kalebarria, Belen eta Jesus kaleetan eta Aboitiz eta Kortazar Enparantzan aparkatzea; ibilgailu baimenduek aparkatu ahal izango dute bakarrik. Baimena jasotzeko, Eako udalerriko ibilgailuen erroldan egotea beharrezkoa da, bai eta alta emanda dauden pertsona fisiko edo juridikoek ibilgailuen zirkulazioko udal zerga Eako udalerrian ordaintzea ere. Baimen eskaria udaletxean egin behar dela jakitera eman dute.
Kale horietatik igarotzeko baimena dute garajeetara doazen ibilgailuek eta bidaiarien zamalanetan ari direnek. Sarbideei dagokionez, Kalebarria eta Jesus kaleetara Altxikar kaletik baino ezingo dute sartu ibilgailu gurpildunek, eta Kale Nagusira, kaletik bertatik. Altxikar auzorako sarbidea Altxikar kaletik izango da, eta irteera Bis kaletik.