Kirolari ondarrutarrak hirugarren postua lortu du Lekeitioko Santa Katalina SUP txallengean,
amateur kategorian. Bere aurretik, Amaia Mellado eta Elene Etxebarria sailkatu dira. Gizonezkoen mailan, berriz, Pablo Fernandez nagusitu da amateur mailan. Atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Aitor Ganzabal eta Eneko Gil.
Paddle lasterketa aurreko asteburuan jokatu zen Lekeition, eta amateur kategoriako lasterketaz gain, elite eta txiki mailako probak ere lehiatu zituzten Lekeitioko eta inguruko uretan, Lekeitioko Hegaluze Arrantza Elkarteak antolatuta.
Lekeitio Santa Katalina SUP Txallegeko parte hartzaileak Isuntza hondartza aurretik igarotzen. Argazkia: Nicolas Arnedo / Up Suping
Uretaratzen lehenak elite mailakoak izan ziren, eta beharrezko haize falta zegoela -eta, lasterketaren ibilbidea aldatzea erabaki zuten. Azkenik, Lekeitiotik irten, eta Ispasterko Ogella hondartza pareraino joan ziren, eta handik Lekeitiorantz buelta egin zuten irla paretik, Lea ibairantz joateko. Guztira, 14 kilometro egin zituzten bertan parte hartu zuten 16 kirolariek. Kairoscore Donostia taldeko Jurgi Zulaika aurretik joan zen ia lasterketa guztian, baina Barrika SurfCamp taldeko
Txema Landak aurrea hartu zion Santa Katalina parean, eta bera nagusitu zen. Fortuna Donostia taldeko Alvaro Hermida sailkatu zen hirugarren. Emakumeen mailan, berriz, Barrika SurfCamp-eko June Ormaetxek lortu zuen sari nagusia.
Elite mailako lasterketaren ostean, amateur kategoriako (6 kilometro) eta umeen kategoriako lasterketak jokatu ziren. Gazteenek 600 metro inguru egin zuten arraunean, hondartza parean.
Rafa CeƱiga izan zen azkarrena. Atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Unax Etxebarria eta Julen Ramos.
Lekeitioko Hegaluze Arrantza Elkarteko kideak pozik agertu dira. “Gustura geratu gara. Denetara,
72 parte hartzaile batu ziren, giro ezinhobean”.
Amateur mailako emakumezkoen podiuma. Argazkia: Nicolas Arnedo / Up Suping