Emakumiak Batukadan taldea sortu berri dute Mutrikun, eta zapatuan (uztailak 21) joko dute lehen aldiz. Ozen eta indar handiz adieraziko dute ez dituztela erasoak onartuko eta kaleak beraienak ere badirela.
Emakumiak Batukadan taldea sortu duzue. Noiz sortu duzue? Eta zergatik?
Idoia Eguren: Azken momentuko erabakia izan da. Taldea sortzeko gogoa lehenagotik ere eduki arren, azken erabakia orain dela hilabete hartu genuen.
Maider Gorritiberea: Aurten, lehenengo aldiz, jaietan ikuspegi feminista bermatzeko, jai batzordeak EMA izeneko lan taldea sortu du. Eta talde horrek eraso sexisten aurkako protokoloa sortu du. Kaleak eta gauakĀ gureak direla aldarrikatzeko eta emakumeen presentzia agertzeko eta bultzatzeko, batukada sortzea erabaki genuen. Horregatik, batukada sortzeko urratsak pentsatzen hasi ginen, eta ideia praktikara eraman dugu. Hori horrela, taldeak aldarrikapena, sorkuntza eta ondo pasatzea biltzen ditu.
Emakumiak Batukadan taldeko kideak.
Zein da taldearen helburua?
I.E.: Aldarrikapenaren bitartez musikaz gozatzea dela esango nuke. Hasieratik argi geneukan emakumeon espazioa izango zela; gure indarra eta gogoa herrira zabaldu nahi genituela.
M.G.: Batukadaren bitartez espazioa, kalea eta herria hartuko ditugu. Gainera, taldeari esker, herriko emakume desberdinekin eta adin desberdinetakoekin sareak sortzen ditugu, eta gogor eta ozen sistema patriarkal honen kontra gaudela adierazten dugu. Bizirik gaudela aldarrikatzen dugu, eta edozein erasoren eta zapalkuntzaren aurrean adi egongo garela adierazten dugu.
Aurrera begira, taldeagaz jarraitzeko asmorik ba al daukazue?
I.E.: Entseguak jaiei begira egin ditugun arren, epe luzera begirako talde bat sortzeko nahia geneukan hasieratik.
M.G.: Herriarentzako eta herriko emakumeekin osatutako tresna indartsu bat sortu behar genula argi geneukan. Aurrera begira, materiala erosi, udaletxearekin koordinazioan jarri, autogestionatu eta herrian formazio saioak antolatu nahi ditugu. Orain, jai batzordeko emakumeok osatzen dugu batukada feminista, baina zabaltzeko asmoa dugu.
Noiztik zabiltzate abestiak praktikatzen?
I.E.: Material faltagatik ez gara orain asko hasi. Ondarroako Andra Bandaren laguntza gabe, seguraski, ez genuen jotzeko aukerarik izango. Beraiek utzi digute material guztia, eta beraien espazio eta tartea eskaini dizkigute entseatzeko.
M.G.: Orain dela hilabetetik Ondarroako Etxelilan aritu gara entseatzen. Ondarroako Andra Bandako emakumeak ezagutu ditugu, eta emakumeen arteko sarea sortu dugu. Ondarroako Andra Bandako lagun bati dinamizazioan laguntzeko prest zegoen galdetu genion, eta gaur egun, bera da batukadaren dinamizatzailea. Gurekin joko du bihar gaueko mobilizazioan.
Lehenengo aldiz aterako zarete zapatuan kalera. Gogotsu zaudete?
I.E.: Gogoa, demasa eta urduritasun pixka bat ere badaukagu, egia esanda.
M.G.: Sekulako gogoa daukagu zapatuan kalera ateratzeko eta kalea hartzeko. Ozen eta indar handiz esango dugu emakumeak hemen gaudela, ez dugula inolako erasorik onartuko, eta ingurua, kaleak eta gauak gureak direla. Tinko borrokatuko dugu gure helburua eraikitzeko, gizarte feminista sortzeko.
Kalez kale ibiliko zarete bihar. Zein ibilbide egingo duzue?
I.E.: Kalejira egingo dugu, eta gehien bat jai batzordea antolatzen den espazioan ariko gara; Beheko Plaza inguruan. Hala eta guztiz ere, goiko alderantz ere joango gara.
M.G.: Ez dugu nondik hasiko garen aurreratu nahi, indarra eman nahi diogulako hasierari, eta ezustekoa izatea nahi dugu. Mutrikuko eta inguruko emakume eta pertsona guztiak deitzen ditugu Malen jaietan parte hartzera eta batukadan gurekin batera irten eta dantza egitera.