Malenak jai giroz beteta datoz aurten ere. Mutrikuko jaiek gazte zein helduentzako ekintzak ekarriko dituzte, musikaz, dantzaz eta kirolez betetako egitarauan.
[EGITARAUA]
Berritasun bat edo beste ere badakarte malenek. Aurten, esaterako, su artifizialak egongo dira aspaldiko partez, Malen egunean. Eta horiek berreskuratu direlako ikusmina sortu da herritarren artean.
Valecea piroteknia arabarrak moila gaineko zerua argituko du Malen Egunean, ordu laurden batez. Eta danborretik botako diren su artifizialak berta-bertatik ikusi nahi dutenek horretarako tokirik ederrenak Atxukalen, Samikollan edota portuan (segurtasun eremuan) izango dituzte, esaterako.
Mutrikuko Erraldoi eta buruhandi konpartsa
Ikusmin handia eragiten duen beste ekintzetako bat danborrada izaten da, dudarik gabe. Jaietako ekintza
jendetsuena eta hunkigarrienetarikoa da herritar askorentzat. Danborradak beste urte batez, burrunbadaz eta jantzi koloretsuez beteko ditu herriko kale aldapatsuak Malen bezperako azken minutuetan.
Musikak ere pisu handia izango du datozen egunotan. Musika bandaren kontzertua, mariatxiak, Anaiarte abesbatzaren kontzertua, txistulariak… Eta tartean,
Su Ta Garren kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da Kuadrilla Egunean. Aspaldian Mutrikun jo gabe egon ondoren, errepertorio zabalarekin etorriko dira jarraitzaileen gozamenerako; beti-betiko kantu ezagunez gain, azken diskoko kantak ere entzuteko aukera izango dute Goiko Plazara hurbiltzen direnek.
[EGITARAUA]
Buruhandi eta erraldoiak ere klasiko bat dira jaietan. Jaietako txupinazoa bota ondoren, eurek emango diete jaiei hasiera ofiziala. Malen bezperan eta Malen Txiki egunean aterako dira kalejiran Buruhandi eta Erraldoien Konpartsakoak.
Malen Txiki Eguneko zezenak
Jaietan falta ezin den beste klasikoetako bat sokamuturra da.
Tradizio handia du Mutrikuko sokamuturrak, eta herritarrek ez ezik, inguruko herrietatik etorritakoek ere parte hartzen dute. Aurten bi egunetan egingo da sokamuturra, Malen egunean eta Kuadrilla Egunean, hain zuzen. Zezenen aurrean jartzea atsegin dutenek, gainera, Kuadrilla Egunean futbito partiduak lagun artean jokatzeko aukera izango dute.
Kuadrilla Egunean eta Malen egunean, bestalde,
Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunea egongo da Beheko Plazan, 20:00etatik 00:00etara bitartean. Era horretan, indarkeria sexistarik gabeko eta berdintasunean oinarritutako jaien aldeko apustua egingo du udalak aurten ere.
[EGITARAUA]
Ospakizunez ospakizun etenik gabe ibili ondoren,
Santixo egunean agurtuko dituzte mutrikuarrek jaiak. Besteak beste, Arte Eskolak antolatutako pintura lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute artistek. Nahi duten lekuan ipini, eta herriaren adierazgarri diren margolanak aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek. 10:00etan hasiko de lehiaketa, eta lanak Zabiel Kultur Etxean aurkeztu beharko dituzte 13:00etatik 14:30erako tartean.
Santixo egunean, beste alde batetik, okela eta txakolin dastaketa egiteko aukera egongo da, eguerdian. Herriko txakolinaz gain, Gipuzkoako beste hainbat txakolin dastatzeko aukera ederra egongo da.