Uztaila agurtzera datoz santiagoak eta santanak
Santiago eta Santa Ana jaiek herri ugari festaz beteko dituzte datozen egunetan. Morga, Kortezubi, Busturiko Axpe auzoa, Nabarnizko Lekerika auzoa edota Ondarroa ospakizunetan sartzekotan daude.Festaz beteriko egunak heltzear daude Busturialdeko hainba...
Santiago eta Santa Ana jaiek herri ugari festaz beteko dituzte datozen egunetan. Morga, Kortezubi, Busturiko Axpe auzoa, Nabarnizko Lekerika auzoa edota Ondarroa ospakizunetan sartzekotan daude.
Festaz beteriko egunak heltzear daude Busturialdeko hainbat herritara eta Ondarroara. Santiago eta Santa Ana jaietan murgiltzeko aukera ederra egongo da datozen egunetan.Morgatarrentzat jai nagusiak dira santiagoak eta santanak. Horiek ospatzeko, lau egunetarako egitaraua prestatu dute herrikoek, era guztietako eta denentzako jarduerez beteta.
Uztailaren 28an, Sukalki Txapelketara mozorrotuta joango dira herritarrak; Musika izango dute mozorrotzeko gaia. Horrela, herria Broadway bilakatuko dute, eta garai ezberdinetako rock eta pop izarrak ikusi ahal izango dira Morgan. Arratsaldean, musika eta jana izango dira nagusi Andra Marin, Basajaunen erromeriagaz eta DJagaz. Taloak dastatzeko aukerarik ere ez da falta izango.
Kortezubitarrek ere jai nagusiak dauzkate aurretik, eta ospakizunak bost egun luzez egingo dituzte. Etxeko txikienei zuzendutako ekimen eta jarduerak izango dira nagusi Kortezubiko jaietan: uztailaren 25ean, adibidez, beraientzako antzerkiaz gozatu ahalko dute arratsaldean, eta ostean, apar jaiagaz ederto batean pasatu ahal izango dute.
Uztailaren 27an, bestetik, futbito eta saskibaloi txapelketak jokatuko dituzte, eta horien ostean Xaiborrek eskainitako musika emanaldiaz gozatuko dute. Jaien azken egunean kirolak hartuko du protagonismoa; eguerdian, Ekin eskupilota taldekoek antolatutako umeen partiduak egongo dira ikusgai, eta ostean, herriko umeek egindako euskal dantzak.
Sankristobalen ostekoak
Joan den astean San Kristobal auzoan batu ziren busturiarrak hango jaiak ospatzeko. Zapatuan, Euskal Artzain Txakurraren 25. Erakusketa egitekotan izan ziren, baina jarduera bertan behera geratu zen. Oraingoan, Axpen batuko dira. Martitzenean (uztailak 24) hasiko dituzte jaiak aipatu auzoan, Fabio Macerak eskainiko duen organo kontzertuagaz. Eguaztenean (uztailak 25), Bizkaiko Herri Kirol Liga ospatuko dute. Besteak beste, harri eta ingude jasotze eta zaku eramate erakustaldiak egingo dituzte. Uztailaren 26an, Irrintzi Alai Dantza Taldeak ikuskizun berezia eskainiko du, 50. urteurrenari lotuta.
Nabarniztarrak, beste aldetik, Lekerika auzoan, Santiago baselizaren inguruan bilduko dira uztailaren 29an. Meza nagusiagaz hasiko dute eguna, eta gelditu barik ariko dira, iluntzera arte egitaraua jarduerez beteta edukiko baitute.
Ondarrutarrak jaietan murgilduta daude azken egunetan, eta domekan Santiagoren omenezko mezatan bilduko dira. Senidetasun bazkariagaz emango die amaiera santiagoei.