Markina-Xemein eta Etxebarria arteko saihesbidea, lehiaketara
Markina-Xemeingo Udalak jakin ahal izan duenez, Markina-Xemein eta Etxebarria lotzeko saihesbidearen proiektua lehiaketara aterako da uda amaitu baino lehen. 580.000 euro bideratuko dira hasierako proiektu horretara, eta bertan zehaztuko dira, besteak ...
Markina-Xemeingo Udalak begi onez hartu du berria, saihesbidearen eskaera denboran mahai gainean egon da eta Markina-Xemein zein Etxebarriko Udalen partetik. Eskaeraren arrazoia garbia dela azpimarratu dute: «Herrigunetik igarotzen den zirkulazio astuna arintzea». Izan ere, dauzkaten datuen arabera, urtean 29.500 kamioi igarotzen dira Markina- Xemeingo herrigunetik, horietako gehienak Etxebarriko Galartza industrialdea helmuga dutela.
«Horrez gain, gune honetara bideratzen diren langileen ibilgailuen kopurua ere altua da, urtean milioi erdi ingurukoa. Horri gehitu behar zaizkio urtero Markina-Xemeinera etortzen diren etxebarritarren joan-etorriak, 6.000 inguru», zehaztu dute. Saihesbideak zirkulazio horren parte handi bat herrigunetik aterako lukeela uste dute, «segurtasuna areagotuz, kutsadura murriztuz eta, horrenbestez, herritarren bizi kalitatea hobetuz».
Konponketak amaitzen
Bestalde, konpontzen ari diren Etxebarriko errepideko semaforoak aste honetan kenduko dituztela jakitera eman du Etxebarriko Udalak. Urte betetik gora iraun dute lanek, joan den urteko maiatzean hasi eta uztailean amaitzeko epea daukate. Hala ere, azken ikutuak ematen jarraituko dutela aitatu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.