Asier Bidaburu gernikarra izan da bizkorrena II. San Migel Igoeran
Denetara 45 pilotuk parte hartu dute bigarrenez lehiatu den igoeran. Aitor Zabaleta izan da bigarrena. Lehen igoeran egon ziren gidari batzuek parte hartu duteGiro izugarria eta auto ikusgarriak ((Fombona bere Lamborgini ikusgarriagaz, Bruno Scherer et...
Denetara 45 pilotuk parte hartu dute bigarrenez lehiatu den igoeran. Aitor Zabaleta izan da bigarrena. Lehen igoeran egon ziren gidari batzuek parte hartu dute
Giro izugarria eta auto ikusgarriak ((Fombona bere Lamborgini ikusgarriagaz, Bruno Scherer eta bere Porsche 911, Abel Lombardo SpeedCar-agaz) ikusteko aukera eskaini zuen domeka goizean lehiatu zen II. San Migel Igoerak. Guztira 45 pilotuk hartu zuten irteera Etxebarrian, eta denetatik bizkorrena Gernika Racing Taldeko Asier Bidaburu izan zen. Lehenengo txandan eman zuen denborarik hoberena gernikarrak: 2.39.013 denboran osatu zuen 4,400 kilometroko tartea.09:00etan hasi zen Kastinparro Racingek antolatutako igoera. Bi entrenamendu txandekin ekin zioten egunari, eta ondoren, sailkapenerako beste bi txandak egin zituzten. Txanda bakoitzean Etxebarritik Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugaraino dauden 4.400 metroak ahalik-eta azkarren egiten ahalegindu ziren. Arazoak eduki zituzten batzuek. Bost bat autok utzi behar izan zuten proba.
Kastinparro Racing taldekoek jakitera eman dutenez, orain dela 30 urte lehenengo igoeran parte hartu zuten pilotu batzuek ere parte hartu dute bigarrenean. Besteak beste, Aitor Zabaleta eta bere Lola T298 autoa eta Jose Javier Aginaga gidari markina-xemeindarra nabarmendu dituzte. «Pilotu mitikoa dugu Zabaleta, eta adituen esanetan, txapela janzteko aukera asko dituena», adierazi zuten proba orduko, eta ez ziren urrun ibili, Zabaletak podiumeko bigarren lekua bete zuen-eta II. San Migel Igoeran. Hirugarrena, berriz, Jose Antonio Lopez-Fombona (02.53.599) izan zen, eta Lea-Artibaiko lehenengoa Txus Jaio; 12. postua lortu zuen 03.05.283 denbora eginez. Aginaga 27.a izan da oraingoan (03.21.691).
Gabilondo gogoan
Bestalde, oraintsu hil den Jose Miguel Gabilondo pilotua ere gogoratu zuten. Semeak igoera bat egin zuen San Migelen gora, eta txapela oparitu zioten, automobilismoari egindako ekarpen guztia eskertu nahirik. Lehen igoeran ere parte hartu zuen Gabilondok Alpine 1600 autoagaz; auto bera eraman zuen semeak.