Mikel Ansola markina-xemeindarrak Musikenen ikasteko lekua lortu du
Sarrerako azterketak gainditu eta irailaren 17an jarraituko ditu organoko ikasketak ospe handiko kontserbatorioan. Abuztuaren 24an kontzertua eskainiko du MutrikunDatorren ikasturtean Musikenen Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian jarraitu ahal...
Sarrerako azterketak gainditu eta irailaren 17an jarraituko ditu organoko ikasketak ospe handiko kontserbatorioan. Abuztuaren 24an kontzertua eskainiko du Mutrikun
Datorren ikasturtean Musikenen Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian jarraitu ahalko du bere formakuntza Mikel Ansola Garitagoitia markina-xemeindarrak. Organo ikasketak egiten ari da Ansola, eta musika munduari lotutako etorki- zuna garatzen jarraitu ahalko du orain, ospe handiko kontserbatorioan.Musikene Goi Mailako kontserbatoriorako sarrera ez da bat ere erraza, leku gutxi eta maila handia dagoelako. Hala ere, azterketa teorikoa eta instrumentukoa gainditu ditu musikari gazteak. Azterketa egin eta bertan egunean jakin zuen onartu egin zutela, eta irailaren 17an hasiko ditu ikasketak Donostian.
Ilusio handia
11-12 urtegaz sentitu zuen Ansolak organoa ikasteko grina. «Lehenengo Xemeingo Gaua egin zuten Xemeinen, eta Martin Alberdik jo zuen organoa. Hori ikasi behar nuela erabaki nuen», dio. Hala, organista gehienak bezala, pianoa jotzen hasi zen, eta gero kolpe zion gustuko duen instrumentuari.
Markina-Xemeingo Musika Eskolan egin zituen lehen ikasketak, eta ondoren, Ondarroakora igaro zen. Bertan urte bete pianoa ikasten zebilela organoa ikasten hasi zen Bergaran Aitor Oleagaz, eta horren ostean, Joxean Pascualegaz. Azken bi urteak Donostian egin ditu Loreto Fernandez irakasle duela.
Organoagaz batera maila orokorreko ikasketak egin ditu, solfeoa, korua…, eta ondoren goi mailako ikasketak, eta apurka-apurka emanaldietan ere parte hartzen aritu da. Gaztetatik entzun dira bere doinuak Xemeingo organoan, lehenengo Martin Alberdi musikariaren ondoan, eta haren faltan, bakarrik.
Jendearen aurrera atera zen lehenengo aldia Domu Santu egun bat izan zela oroitzen du, Xemein Abesbatzagaz jo zuenekoa. Lehen kontzertua ere eurekin eman zuen, Markina-Xemeinen, Gabonetan. Hortik aurrera beste hainbat organotatik igaro dira bere eskuak eta oinak. Donostiako Santa Mariakoa, Azpeitiako Loiolako Basilikakoa, Bergara, Tolosa, Usurbil edo Ataungoa aitatu ditu, besteak beste.
Aurten, esate baterako, Durangoko Tabira musika bandagaz jo du estreinako, eta iazko Gabonetan Donostiako Santa Marian egiten duten Musika Lagun artean Zikloan parte hartu zuen. Orain dela hilabete Burgosen egon da, eta hurrengoko kontzertuak abuztuan izango ditu, lehenengoa Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan eta bigarrena, abuztuaren 24an, Mutrikun, 20:00etan.
Bakarra
Organo bakoitza bakarra dela dio musikari gazteak, eta bere ustez, horrek erakargarriago egiten du oraindik. «Instrumentu guztiak dira desberdinak. Hori da nire ustez instrumentu honen aldeko faktore handi bat. Markina-Xemeinen hiru badauzkagu, batak eta besteak ez daukate bat ere zerikusirik. Instrumentu aurrean jartzen zarenean, ni neu ez naiz hasten zuzenean jotzen, lehenengo organoa ezagutu egin behar duzu, zer edo zelan esatearren organoaren laguna egin behar zara, eta gero jotzen hasi».
Organoagaz gozatzen eta entzuleak gozarazten jarraituko du musikari gazteak. Udako ekitaldiak amaitzen joan eta ikasturte berrirako prestatzea du orain helburu.