Egun handiez gozatzen
Herriko jai nagusiak ospatzen gogotsu ari dira egunotan etxebarritarrak zein ispastertarrak. Tradizioari hutsik egin barik elkartu ziren atzo Santiago Egunez, eta gaur Santa Ana Eguna dute.Indartsu hasi dituzte santixauak etxebarritarrek eta ispasterta...
Herriko jai nagusiak ospatzen gogotsu ari dira egunotan etxebarritarrak zein ispastertarrak. Tradizioari hutsik egin barik elkartu ziren atzo Santiago Egunez, eta gaur Santa Ana Eguna dute.
Indartsu hasi dituzte santixauak etxebarritarrek eta ispastertarrek. Etxebarrian, esaterako, aurreko egunetan motorrak berotzen hasita bazeuden ere, atzo bota zituzten pregoia eta txupina. Mari Carmen Bustindui eta Idoia Odriozola zinegotziek agurtu zituzten lehendabizi herritarrak, eta sarrera emanda, Etxebarriko Jubilatuen Elkartekoak hurreratu ziren mikrofonora. Miguel Angel Arrizabalaga lehendakariak eta Mari Carmen Egaña elkarteko kideak irakurri zuten pregoia.Santixau jaiak eurekin batera ondo pasatzera animatu zituen herritar guztiak Arrizabalagak. «Nahi duenak 100 urte hartu, jubilatuetan apuntatu». Egañak, berriz, eskerrak eman zituen elkarteari pregoia emateko ohorea eskaintzeagatik, eta elkartean pozik daudela azaldu zuen, gero eta gehiago direlako eta gero eta ekintza gehiagotan parte hartzen dutelako: «Belaunaldien arteko ekintzetan, jaietan, Euskara gurean… Beti gaude prest herriko ekintzetan parte hartzeko».
Domekako omenaldia
Domekan hamar herritar omenduko dituztela gogora ekarri zuen Egañak, 80 eta 81 urtekoak, eta gazte, Guraso Elkarteko kide eta Kultur Batzordean parte hartzen duten talde eta norbanakoak aitatu nahi izan zituen, «buru-belarri ekintzak prestatzen aritzen direlako». Jaiak ondo-ondo eta gozo-gozo ospatzea opa die herritar guztiei, «baina elkar errespetatuz».
Ispasterren, berriz, martitzen arratsaldean hasi zituzten Ispasterko Santiago eta Santa Ana jaiak. Garbiñe Saenz de Buruaga alkateak irakurri zuen pregoia, eta alboan izan zituen Tximista Atletismo Taldeko eta Isuntza Arraun Taldeko kide diren herriko bost neska gaztetxo.
Emakume kirolarien lana
Alkateak jaien antolakuntzan aritzen direnen lana goraipatu zuen: «Nire eskerrik zintzoena beste batzuek ondo pasatzeko urte guztian eta batez ere gaurko egunean lanean zaudeten guztioi. Eskerrik asko Jai Batzordeari». Hain zuzen, Jai Batzordearen proposamenez parte hartu zuten herriko bost neskek jaiei hasiera emateko ekitaldian. Bost kirolari horiek euren arloan egindako lana eta lortutako garaipenak azpimarratu zituen alkateak. Arraunean, Bizkaiko Liga eta Bizkaiko Txapelketan zilarrezko dominak, eta atletismoan, Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan hainbat domina irabazi dituztela gogora ekarri zuen. Horietako domina batzuk soinean zituztela igo ziren balkoira.
Jarraian, txupina jaurti, eta Txanton Pipirri igo zuten eleizako kanpandorrera. Orduan, danbor hotsek hartu zuten plaza. Ume gazte zein nagusiek giro ederra sortu zuten, Aitxitxa Makurra txarangak lagunduta. Plaza bete jende batu zen udalerriko jai nagusiei hasiera goi-goitik emateko.
Jaiei hasiera emanda, Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeko dantzariak atera ziren Etxebarriko udaletxe aurreko berdegunera dantzara. Karparen babesean egin ahalko dituzte datozen egunotan jaietako ekimenak. Bertan, Zerutxuko neska-mutilek dantzaldi dotorea eskaini zuten batutako ikusleen aurrean, Aurreskua, Arku dantza, Txotxongiloa, Agintariena eta Txakarrankoa dantzatuz, besteak beste.
Ispastertarrak, berriz, Eleixaldetik kalejiran joan ziren atzo Santiagoko baselizara. Meza entzun ostean, Xabat Galletebeitia lekeitiarraren eta Jone Uria algortarraren bertso saioan elkartu ziren, baselizaren ondoko zelaian. Umorea ez zen falta izan, eta besteren artean, Santiago eta Santa Ana jaiak eta herriko zein Lekeitioko eta Getxoko kontuak izan zituzten hizpide bertsotan. Arratsaldeko ekintzetan ere ume, gazte zein nagusiek ondo pasatzeko aukera ederra izan zuten, eta gauean, Dangiliskeren musikak hartu zuen plaza.
Ispastertarrek Santa Ana eguna ospatuko dute gaur, eta etxebarritarrek, berriz, Umeen Eguna. Hamaika ekitaldi edukiko dituzte aukeran, adin eta gustu guztien gozamenerako. Eguerdian, esate baterako, goi mailako emakume pilotarien partidua dute Ispasterren, eta Etxebarrian Chef Lehiaketa egingo dute bigarren urtez.