Elortza, Estiballes, Peñagarikano eta Iguaran plazaratuko dira Mutrikuko Galbaixotako bertso jaialdian
Datorren astean hasiko diren Galbaixo jaiak berotzen hasiak dira mutrikuarrak. Mutrikuko Bertso Eskolak, esaterako, Galbaixotako bertso jaialdia antolatu du urteroko ohiturari jarraituz. Jaialdia barikuan [irailak 7] egingo da, 22:30ean, Zabiel plazan (euria balego, kultur etxean).
Antolatzaileek punta-puntako bertsolariak gonbidatu dituzte aurten ere. Bertsozaleek Igor Elortza, Arkaitz Estiballes, Angel Mari Peñagarikano eta Oihana Iguaran bertsotan ikusteko aukera izango dute. Gai jartzaile lanetan, berriz, Unai Belaustegi mutrikuarra ariko da.
Bertso eskolakoek aurreratu dutenez, bertso saioa betiko formatuan egingo da, eta herriko bertsozale guztiak gonbidatu dituzte bertara. “Zabiel plaza entzuleentzako leku egokia da, eta aurten ere plaza betetzeko asmoa dugu”. Sarrera doako izango dela gogorarazi dute, baina nahi duenak bukaeran borondatea emateko aukera izango du, “bertso eskolaren urteroko ekintzak aurrera eramateko”.