Eguzki talde ekologistaren iritziz, Ondarroatik Lekeitiora doan bidea
euskal kostaldeko artadi handiena bihur daiteke, “biodibertsitatearentzako eremu garrantzitsua sortuz, herritarren gozamenerako”.
Hori dela eta, kostaldeko artadiak berreskuratzeko proposamena luzatu nahi diete Lekeitio, Ondarroa, Berriatua eta Mendexako udalei. “Artadia
aspalditik dago errotuta gure kostaldean. Gure herrietako toponimiak hori erakusten du: Artabide kalea Ondarroan, Artibai ibaia, Artadi auzoa Lekeition…”.
Ondarroa eta Lekeitio arteko errepide alboko artadi bat. Argazkia: Eguzki
Azken hamarkadetan, berriz, artadiak
gutxitzen eta desagertzen joan direla ohartarazi dute, euren ordez beste zuhaitz mota batzuk landatu direlako egurra ustiatzeko. Besteak beste, pinua edo eukalitua. “Horrek kostaldeko paisaian eragina du. Egurraren ustiaketa dela eta, lurrak biluzik egoten dira sarritan, itxura penagarria emanez. Gainera, lurrak biluzik egonda, higadura handitu egiten da”.
Horregatik, kostaldean artadia berreskuratzea proposatu nahi dute,
onura handiak ekar litzakeelako. “Higadura gutxituko du, paisaia hobetuko du bertan paseoan ibiltzen diren herritarren gozamenerako eta biodibertsitatea handituko du”.
Pausoka. Artadiez osatutako basoa berreskuratzeko pausoka joatea proposatzen diete Lekeitio, Ondarroa, Berriatua eta Mendexako udalei. Lehenik eta behin, udal horiek kostaldean dituzten lurren inbentario bat egiteko proposatzen dute, lur horietan zer espezie landatutako dagoen ikusiz.
Lur horietan espezie aloktonoak badaude monolaborantzan, artak landatzea proposatzen dute, beti ere han egon ahal den bioaniztasun botanikoa errespetatuz. Pinua eta eukaliptoa landatuta dituzten kostaldeko lur sailetan, berriz, jabeekin kontaktuan jartzeko gomendioa egiten dute, eta horiekin hitzarmenak egiten ahalgindu, ahal den heinean (zati batean edo lursail osoan) lur horietan arteak landatzen joateko. Azkenik, lur pribatu horiek erosteko aukera aztertzeko ere proposatzen dute kasu batzuetan.