Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura departamentuak jakitera eman duenez,
larrialdiko prozeduraren bidez egingo dituzte Mutriku eta Deba batzen dituen zubia saihesteko eta haren kontserbazioa eta birgaikuntza bermatzeko lanak.
Lehen faseko lanak amaitzeko epea bederatzi astekoa izango dela aurreratu dute, eta “zubia eror ez dadin eta ondasun eta pertsonei kalterik ez eragiteko eta kaltetutako bizilagunei mugikortasuna errazteko”, azpiegitura
“ahalik eta azkarren” konpontzeko konpromisoa berretsi dute aldundiak eta Mutrikuko zein Debako udalek.
Zubiaren segurtasuna bermatuko duten lanei heltzeko aukerarik egokiena aztertu ondoren, Freyssinet enpresak burutuko ditu lanak. Azaldu dutenez, lehen faseko lanen aurrekontua
1.655.135,36 eurokoa izango da, BEZa barne. Fhecor enpresak zuzenduko ditu lanak, 77.573,10 euroko kostuarekin.
Mutrikuko eta Debako alkateak eta kultura diputatua zubiaren lanen aurkezpena egiten. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Larrialdiko lehen faseko lanei dagokienez, euren xedea gangen egonkortasuna bermatzea izango dela adierazi dute, eta, horretarako,
egitura osagarri bat jarriko da zubi gainean, ganga horiei eusteko.
Egitura osagarria bermatzeko honako atalak baliatuko dira: Deba aldeko lehen zutabearen eta Mutriku aldean dagoen bigarren zubi bularraren gainean, kolapsatutako gangak zurkaizteko tirante batzuk jarriko dira. Nabarmendu dutenez, aurrekaririk ez duen
metodo berritzailea da.
Xilofagoek eragindakoa. Egitura berriak, gainera, oinezkoen pasabide bat izango du, bizilagunek zubia gurutzatzeko modua izan dezaten. “Lehen fase honetan, gangak erortzea saihestu nahi da, baina jarduketa hori bigarren fase batekin bateragarri egiteko moduan definitu da. Larrialdiko lehen fasearen ondoren, birgaitze integralerako fasea abiarazi beharko da”.
Zubiaren lurzoru azpitik, bestalde, ura, gasa, argiteria publikoa eta saneamendu urak igarotzen dira, eta argitu dutenez, horiek zubi barrutik atera egingo dituzte Urazamendiko herritarrei zerbitzua emateko.
Xilofagoek kaltetutako zubiaren zati bat. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Zubia osorik berreskuratzeko, azkenik,
kolapsatutako zatiak eta erdiko zutabea (behera egin duena) eraitsi beharko dira, eta, gero zimendu berriaren gainean berreraiki. “Nolanahi ere, gertatu dena ikusirik, behin betiko birgaitze jarduketetan zimendu guztiak berriko beharko dira berriro, Mutriku aldeko zubi bularra izan ezik, hura harkaitzean zimendaturik baitago”.
Aldundiak Debako itsasadarraren gaineko zubian larrialdiko esku hartzea egiteko diagnostiko eta proposamen txostena eskatu zien Injelan eta Fhecor enpresei, eta bertan bi ganga eta ibaian behera dagoen aldeko
tinpanoa kolapsatzeko arrisku larria zegoela ohartarazten zen, horiek kaltetzen dituzten xilofagoen ondorioz. Azterketak azaleratu duenez, gainera, nabarmen galdu zen zutabearen zurezko parriladuraren azpiko materiala. “Kolapsoa zuraren konpresioaren ondoriozko bat-bateko hutsuneak eragin du; ahalmen erresistentzia galdu du, sekzioa murrizten joan delako. Hutsunea pilote batzuetan gertatu da, ia aldi berean”.
Hesituta egon arren jendeak gurutzatu egiten duela ikusita, zubia gurutzatzea guztiz debekatuta dagoela gogorarazi dute, horrek dakarren arrisku larriagatik.