Bizkaiko untxia eta sagardoa ekarri ditu iraileko azoka bereziak
Ekainean hasi eta abendura bitarte, hileko lehen zapatuetan azoka berezia hartzen du Gernika-Lumoko Merkatu plazak; egun bakoitzean gai bat oinarri hartuta. Oraingoan, untxia eta sagardoa izan dira nagusi.Eguzkiari ihesean, itzalpean bildu ziren hainba...
Eguzkiari ihesean, itzalpean bildu ziren hainbat herritar zapatuan, Merkatu plazan. Jan-edanerako aukera izan zuten bertaratutakoek. Untxia jateko eta sagardoa edateko irrikak elkartu zituen herritarrak inguru horretan.
Ohi bezala, 09:00etan zabaldu zuten azoka, eta eguerdira bitartean eduki zuten zabalik. Aurrekoetan bezala, produktu protagonistak dastagai egoteaz gain, ortuariak, artisautza lanak eta bestelako produktuak jarri zituzten salgai azokak iraun zuen bitartean.
Guztira, 22 ekoizle batu ziren: sagardoarena, eztiarena, gaztarenak, gildena, mermeladena, ogi eta euskal pastelarena, patearena, txakolinarena, artisautza lanena eta liburuena.
Urrian, sukalkia
Urriaren 6an egingo dute hurrengo azoka berezia: orduan sukalkia egongo da erakusgai, salgai eta dastagai Gernika-Lumoko Merkatu plazan. Hori eginda, azarokoa ere iritsiko da: Gernikako indabena. Abenduan egingo dute aurtengo azken azoka berezia, eta hitzordu horretan karakolek hartuko dute nagusitasuna.