Ondarroako udal taldeek Herribus zerbitzua mantendu behar dela adostu dute
Ondarroako udalbatzak Herribus zerbitzua mantentzeko apustua egin du. Horren harira, udalbatza osatzen duten bi alderdiek aho batez onartu dute Herribusa herriko mugikortasuna bermatzeko oinarrizko zerbitzua dela. “Udal talde guztien adostasuna lortzeari esker, indarrak batu, eta orain arte zerbitzu honekin izan diren arazoak ez errepikatzea espero du Ondarroako Udalak”.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak azaldu duenez, teknikarien txostenek diotenaren arabera, 50.000 biztanle baino gutxiago duten herrietaran ez da derrigorra Herribus zerbitzua egotea. Ondarroan, gainera, Bizkaibus zerbitzua egonda Herribusaren ardura ez litzateke berez udalaren konpententzia izango, baina Herribusa mantentzea berebizikoa dela nabarmendu du Bedialaunetak. “Gaur egun, udalaren egoera ekonomikoa tarteko, legez udalaren konpetentzia zuzenak ez diren zerbitzuak kolokan jartzera eramaten gaitu, Herribusa izanik zerbitzu horietako bat. Gure akordioa espediente batean jasota gera dadin nahi izan dugu udalbatza osatzen dugun alderdiok”.
Zerbitzua, gainera, herriak oraindik dituen irisgarritasun hutsuneak saihesteko ezinbestekoa dela uste dute udalbatza osatzen duten alderdiek. Datuak kontuan hartuta, esaterako, Herribusa da Artabiden bizi diren 1.645 herritarrek eskuragarri duten autobus zerbitzu bakarra. “Bizkaibuseko geltokitik, gutxienez, Artabide kalera joan behar direnek 800 metro eta %4,48ko malda igo behar dute”.