Egitarau bete-betearekin ospatuko dituzte Mutrikuko Samikolla auzoko jaiak. Jaiak ofizialki zapatu [irailak 8] eguerdiko
txupinarekin eta auzotarren brindisarekin hasiko badira ere, arinago Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren kalejirarekin joango dira jaiak girotzen.
Kalejirak Txurruka Plazatik irtengo du 11:00etan, eta auzora kalejiran joango dira herri guztia girotuz. Kalejira auzora heltzen denean, txosnak zabaldu eta puzgarrietan jolasteko aukera egongo da. Jai batzordeko kideek aurreratu dutenez, aurten bi puzgarri jarriko dituzte; bata, 2-6 urte bitartekoentzat, eta, bestea, 6-11 urte bitartekoentzat.
Auzotarrak brindisa egiten. Argazkia: Samikollako jai batzordea
Zapatua, ohi modura, ekimenez beteta egongo da. Eguerdian bazkaritan batzeko aukera izango dute auzotarrek, eta bazkalostean bateko eta besteko kantuak abestuko dituzte giro ederrean. Arratsaldean, berriz, Ibiriren abereak egongo dira. Aurten, gainera,
magia ikuskizuna izango dute estreinako jaietan. Txoborro magoak umorea eta magia uztartzen dituen saioa eskainiko du.
Musikak ere edukiko du bere lekua jaietan. Magia saioaren ondoren
kontzertu sorpresa egongo dela jakitera eman dute antolatzaileek, eta horiez gain, Saia Goiat mutrikuarren kontzertua eta Ezten Giro taldearen erromeria egongo dira aukeran.
San Nikolas eguna, berriz, astelehenean [irailak 10] izango da. Eguna meza santuarekin hasiko dute, eta urteroko ohiturei jarraituz, elizkizuna amaitu orduko auzotarren omenaldiarekin jarraituko dute. Bertaratzen direnek, gainera, auzotarrek prestatutako txorizo egosia eta salda dastatzeko aukera izango dute santuaren omenezko ermitaren alboan.
EGITARAUA
- Irailak 8, zapatua
- 11:00. Erraldoi eta buruhandien konpartsarekin kalejira, Txurruka plazatik Samikollara.
- Ondoren, txosnen eta puzgarrien irekiera.
- 13:00. Txupinazoaeta brindisa jaiei hasiera emateko.
- 14:30. Auzo bazkaria.
- Bazkalostean. Kanturreoa.
- 18:00. Ibiri baserriko zezen txikiak eta pottokak.
- 20:00. Magia ikuskizuna: Txoborro magoa.
- Jarraian, kontzertu sorpresa.
- 23:00. Saia Goait taldearen kontzertua eta Ezten giro taldearekin erromeria.
- Irailak 10, astelehena. San Nikolas santuaren eguna
- 11:00. Meza santua Samikolla auzoan
- Ondoren, omenaldia, salda eta txorizoa.