Mutrikuko Galbaiko Txiki Eguneko [irailak 15] marmitako lehiaketan parte hartu nahi duten kuadrillek
eguaztenera [irailak 12] arteko epea izango dute izena emateko. Parte hartzeko interesa dutenek Alvaroren edo Sabinaren dendetara jo beharko dute, eta talde bakoitzak 6 euroko fidantza ordaindu beharko du.
Txoko Eder Elkarteko kideek aurreratu dutenez, talde bakoitzean gehienez bi lagun onartuko dira, eta, era berean, gehienez,
hamasei bikotek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Izena emandako talde kopurua handiagoa balitz zozketa bidez erabakiko da zein taldek parte hartuko lukeen.
Taldeak marmitakoa prestatzen, iaz
Lehiaketari dagokionez, 10:00etan hasiko da Beheko Plazan, eta hiru orduko tartean
hamabost lagunentzako marmitakoa prestatu beharko du bikote bakoitzak. Sari banaketa, berriz, 14:00etan egingo da. Bikote irabazleak 250 euro eta txapelak jasoko ditu, eta hurrengo bost taldeek ere edukiko dute euren saria. Jarraian, enkantea egingo da Beheko Plazan.
Osagaiak. Antolatzaileek taldeko 3 kilo hegaluze, 4,5 kilo patata, olioa, gatza eta sua banatuko dituzte. Gainerako osagaiak eta tresnak eramatea talde bakoitzaren esku geratuko da: lapikoa eta bestelako tresnak, piper berdeak edota gorriak, txorixo piperrak, kipula, ogia, pipermina eta tomateaz soilik barazkiak gehitu ahal izango zaizkio marmitakoari. Antolakuntzak gogorarazi duenez, ezingo da bizigarririk erabili.