Asteburu betea izango du Ugarein Xistera Zirkuituak. Alde batetik, Mutrikuko kanporaketak jokatuko dituzte zapatuan [irailak 8], 11:00etatik aurrera, Miruaitz frontoian. Mutrikuko kanporaketei dagokienez, betiko moduan, bai helduen mailan eta baita ere gazte mailan
zortzina bikote ariko dira. Denak ere Xisteraren barruan dauden Euskal Herri osoko hainbat klubetako pilotariak izango direla aurreratu dute antolatzaileek.
Partidak
kiniela eran jokatuko dira, eta bikoteen zozketa, aldiz, kanporaketa hasi aurretik egingo da. Maila bakoitzeko bi bikote onenek jokatuko dute finala, hurrengo astean.
Mikel Manzisidor eta Antxon Alberdi. Argazkia: Xistera
Donibane Lohizunen, aldiz, Ugarein zirkuituko finalak jokatuko dituzte barikuan [irailak 7], 20:30etik aurrera. Gazte mailako norgehiagoka jokatuko dute lehendabizi, eta bertan Jouanteguy eta Oyhenard zuberotarrek osatutako bikoteak Vidal bizkaitarraren eta De Betelu lapurtarraren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.
Maila nagusian ere
“final dotorea” iragarri dute. Antxon Alberdi etxebarritarraren eta Mikel Manzisidor mutrikuarraren aurka jokatu beharko dute Iturrino eta Zugaitz lapurtarrek. Berriatuko zesta-punta eskolakoa eta Danok Bat klubekoa kanporaketetako onenak izan ziren. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, finaleko txartela 5 euroren truke salduko da. “Bertan biltzen den diru guztia Fibrosi Kistikoa Elkartearentzat izango da”.
Zapatuan, gainera,
Lekeitioko Torneoko kanporaketak ere jokatuko dira 17:00etatik aurrera. Bertan hainbat klubetako ordezkariek parte hartuko dute, eta partiduak kiniela erara jokatuko dira, 15 tantora. Maila bakoitzeko bi bikoterik onenak finala domeka [irailak 9] eguerdian jokatuko dute, 12:00etatik aurrera.