Eguenean [irailak 13] hasiko dira mutrikuarrentzat hain bereziak diren ospakizunak, eta irailaren 23a arte
hamaika ekimenez gozatzeko aukera egongo da Galbaixo jaietan. Hain zuzen ere, Anaiarte Biltokiak antolatutako danborradak emango die hasiera jaiei.
Anaiartekoek adierazi dutenez, ekimenak
100 bat lagun batuko ditu danborrak eta kupelak jotzen kalez kale. Danbor jotzaileek Merkatu Plazatik irtengo dute 22:30ean, eta bi geldialdi nagusi egingo dituzte: lehena, Goiko Plazan, eta, azkena, Beheko Plazan.
Martxa,
Diana,
Indiarena,
Tatiago,
Retreta eta
Polka joko dituzte.
Mutriku herria joaz eta abestuaz amaituko da danborrada, eta, ondoren, danbor jotzaileak Merkatu Plazan batuko dira jan-edanean.
Goitibehera bat, Galbaixo jaietan
Barikuan [irailak 14], berriz, jaietako egunik-eta handiena izango da: Galbaixo Eguna. Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, Galbaixoko ermitara eta inguruko zelaietara gerturatu, eta
kuadrillan erromeria giroan ibiltzeko eguna izango da. Goizean hasita, orduro mezak emango dituzte, eta elizkizunen ondoren asko izango dira ermitara kandela piztera hurbilduko direnak ere.
Eguerdian, berriz, herri kirolen txanda izango da. Bertaratuko direnek kirol erakustaldi ederra ikusteko aukera izan dute Inhar Urruzuno eta Imanol Albizu
Goikoetxe harrijasotzaileen eta Aratz eta Ugaitz Mugertza aizkolarien eskutik.
2,5 kilometro. 14:30ak inguruan txapligua bota orduko mutrikuarrak urte osoan itxaroten egoten diren unerik zirraragarriena iritsiko da; goitibeheren jaitsiera. Hainbat kuadrillek prestaturiko tramankuluek Galbaixotik herrigunerainoko 2,5 kilometroko ibilbide bihurgunetsua egingo dute, bide bazterretan zain egongo diren jarraitzaileen gozamenerako. Azken goitibehera herriratu ondoren, jaiak herrigunean jarraituko du.
Zapatuan [irailak 15], aldiz,
Galbaixo Txiki Eguna ospatuko dute. Mutrikuarrek sukaldean hasiko dute eguna, Txokor Eder elkarteak antolaturiko marmitako lehiaketan batuta. Lehiaketara aurkezten direnek hiru orduko tartea izango dute marmitakorik gozoena prestatzeko, eta epaimahaiak onena aukeratu eta gero, txapelketan parte hartu duten marmitakoen ohiko enkantea egingo da.
Iazko Piñastei Eguna
Domekan [irailak 16], Piñastei Egunean, jaiaren olatua moilara ailegatuko da. Arrantzale jatorren jaia izanik,
mahonezko arropak soinean igaroko dute herritarrek, usadio zaharrei eutsita. Erraldoien eta Buruhandien Konpartsaren eta musika bandaren kalejirarekin hasiko da eguna. Piñastei Eguneko txerria arrastaka eta bere txerritxoak hartuta moilara joango dira kalejiran, jai giroa herri osoan zabalduz.
Kalejira portura iritsi orduko, Aizabia Elkartearen eskutik beti-betiko jolasetan parte hartzeko aukera izango dute bertaratuek: lurrezko itsulapikoak apurtzea, uztaiak harrapatzea… eta bien bitartean, arkupearen bueltan prestaturiko sardina erre goxoak dastatu ahal izango dira. Nolanahi ere, moilara jaisten denak
urteroko giro ederra aurkituko du.
Jaiei amaiera emateko, Galbaixotarren Eguna ospatuko dute irailaren 23an. Galbaixon bizi diren auzotarrentzako egun berezia izaten da, izan ere, bertan batzen dira bertako hiru auzoetakoak, giro ezinhobean.
[HONEKIN LOTUTA]