«Haltzak ez du bihotzik, ez gaztanberak hezurrik; ez nien uste erraiten ziela aitonen semek gezurrik», belaunaldi jakin batek maiz kantatu ohi zuen balada, euskarazkoetan konpli eta zaharrenetakoa, Jabier Kaltzakorta Elorza (Markina-Xemein, 1961) ikertzaileren esanetan. Haien azterketa eta edizio kritikoa doktore tesi mardulean egin eta argitaratu berri du.
Doktore tesia ez duzu argitaratu zaharra: Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa (Labayru eta BBK fundazioak). Zortziehuna orrialdeko bi liburuki trinko. Harako hark bere liburuari izena eman zion moduan, lan hauxe ote duzu zuk ere «ondasun guztia»?
Ez, ez, nire ondasun guztia ez. Bai, hala ere, garai jakin bateko ondasuna. Balada da, berez, ahozko literaturaren generorik aberatsena. Nik genero hori oinarri hartu eta euskal baladategia finkatu nahi izan dut; balada den-denak ez badira ere, asko, behintzat, finkatu. Horretan ibili naiz, ez horretan bakarrik, baina horretan batez ere, hainbat eta hainbat urtetan…
Oraingo egunean, unibertsitate ikasketak burutu orduko ari da ikasle asko tesia egiten, aski gazterik.
Jendea, praktikoa denez gero, tesia egiten hasiz gero, tesia besterik ez du egiten. Ni, berriz, tesia egin beharra izan arren, tesia ez beste gainerako gauza guztiak egiten ibili naiz. Eta hori nork bere teilatura harrika egitea da. Kontua da, nire tesi hau egitekotan, ikerketa lanaz gainera, ikergaiak berak ere topatu behar izan ditudala, eta horixe izan dut lanik zailena. Izan ere, ikergaiak aurkitzea kantutegiak aurkitzea da, argitaratu gabeko kantu kaierak argitara ekartzea, argitaratu gabeko oinarria, bilketako lehen dokumentu hori, aurkitzea. Sukaldera sartu eta entsalada prestatu ez ezik, ortura joan eta urazak hartu behar izan ditut, eta tomateak, eta tipula… Argitaragabeko hainbat testu aurkitu ditut Euskal Herrian han eta hemen ibili eta gero, eta asko kostatu zait hori!
Non eta non ibili zara bila?
Liburutegietan. Baina haietan ere ez da erraz ezer aurkitzea. Esate baterako, [Resurreccion Maria] Azkuek bildutako balada gehienak Euskaltzaindiaren egoitzan daude. Kasu horretan, bertara joan eta banan-banan aztertu dut haren materiala. Erraza da hori. Aita Donostiarenak biltzea, berriz, nekeago izan zitzaidan, Iruñera joan beharra izan nuelako, kaputxinoen bibliotekara, eta, bestalde, haren lanak inbentariatu gabe zeudelako. Beraz, material guzti-guztia ikusi behar izan nuen, Aita Donostiak osatutako bildumatxo guztiak! Hala ere, hori egitea oso inportantea izan zen, Urtsuako balada aurkitu nuelako han, adibidez. Iparraldeko zenbait balada, berriz, Baionako liburutegian aurkitu nituen. Horretarako, baina, [Louis] Dassanceren fondoa ikusi behar izan nuen —bederatzi karpeta—, eta haietan, Dassanceren lanak ez ezik, besterik zer zegoen ere ikusi behar izan nuen.
Bateko eta besteko bibliotekan, bila, zer aurkituko zu.
Eta han-hemengo biblioteketara ez ezik, bilduma partikularretara ere jo behar izan dut, eta horixe kostatu zait gehien: kontaktuak egin, truke modukoak eskaini… eta ni tratante ona ez naiz inoiz izan! Nire kasuan kontua ez da izan bibliografia jakin bat bildu, hura aztertu, eta ikerketa egitea. Ez. Ni ez naiz horretara mugatu. Testu argitaragabeak argitara ekartzera jo dut. Argitaratuak, berriz, aberastu nahi izan ditut, argitaragabeen bidez. Eta hori ere asko kostatu zait. Azkenik, argitaratutakoaren jatorrizko dokumentua ere ikusi nahi izan nuen. Esate baterako, Azkuek
Euskalerriaren Yakintza-n edo bere kantutegian ematen dituen dozenatik gorako baladen eskuizkribuak ere bildu nahi izan nituen. Hasiera-hasieratik denak eskueran eta helmenean izan banitu, askoz lehenago egingo nuen tesia. Eperra kozinatu nahi izan dut, baina, lehenago, eperra bera ere ehizatu!
Jabier Kaltzakorta Euskaltzain markina-xemeindarra. Argazkia: Euskaltzaindia
Argitaratzen hasi zinen garaian berean lotu zintzaizkion zu tesi honen harroina jartzeari.
1998an edo argitaratu nuen nire lehen lana. Antonio Zavalak
Euskal erromantzeak bere lana argitaratu eta handik urte bira edo. Ahozkotasunari zegokion edozein genero edo edozein pieza argitaratzen hasi nintzen. Hiru-lau gauzaren gainean egin nezakeen tesia, ahozko generoari lotutakoak denak ere, baina bata bestetik ezberdinak. Gehien idatzia nuen generoa balada zen. Zailena ere bazen, ordea —horixe ez zuen bere alde—, eta horixe egitea erabaki nuen. Gaur egun, tesia egiteko epeak daude, eta hori da gauza bat txarra, baina ona ere bai, aldi berean, ze horrek esan nahi du amesgaiztoak izango dituzula, baina egun jakin bat arte. Egun jakin hartatik kanpora amesgaizto hori ez duzu izango. Beharbada, txarragorik izango duzu —ez da erraza izaten txarragorik aurkitzen—, baina tesiari lotutakorik, behintzat, ez. Nik ere epe baten arabera jokatu nuen, eta, azkenean, atera zena atera zen! Horixe nire istorioa.
Zergatik jo zenuen hasieratik ahozkotasuna ikertzera?
Hurbilekoa nuelako. Gramatikalari teorikoentzat, hizkuntza kontuak lege hotz eta zurrunetara makurtzen dira. Beste batzuek, hizkuntza barru-barrutik bizi dugunok, gu geu ere hizkuntza garela sinesten dugun neurrian, oso barruan daramagu ahozkotasuna. Eta, ahozkotasun horren barruan, are barrurago daramatzagu zenbait genero jakin. Bide horretatik hasita, gauza izango ote nintzen kezka izan nuen, baina zenbait gauza aurkitu nituen, eta aurkikundeak berak amets egitera eraman ninduen; esan nahi dut, bideak urrunago joateko aukerarik emango ote zidan ikustera. Horretan ibili naiz, apurka-apurka. Konturatu naiz gauza onak ere izan direla bidean: azken hogei urte honetan ia inork ez du gai honen gainean ezer idatzi. Madrildik, esate baterako, oso gauza onak idazten zituen Jesus Antonio Cidek, baina, gainerakoan, ahozko hainbat genero umezurtz zeuden. Hemen argitaratu ohi ziren lanak ezagutzen nituen, baina aurkikunde handirik ez zegoen haietan. Ez dakit, bada…! Aurkikundeak halako lilura sortzen du norberarengan, batzuetan pentsatzen dut norberarengan beste inorengan ez duela sortzen lilurarik, ez ote naizen friki xamarra, alegia, arrasto arruntetik urrun bizi den izaki estralurtarra.
Gaiaren lilurak berak liluratuta egin dut bidea.
Ahozko literaturaren gordailu biziak ezagutu dituzu. Zenbait, bederen. Hilak dira, lekukorik ez da bizirik gaur egun.
1980ko hamarkadan era bateko eta besteko grabaketak egiten ibili nintzen: kontakizunak, sehaska kantak, kopla zaharrak… bildu nituen. Baina balada zen generorik aberatsena. Baladaren mundua, kantu narratiboarena, konta-poesiarena, eten egin da, hautsi. Azkeneko baladak 1980ko hamarkadan bildu ziren; Bizkaian, batez ere, nahiz eta ez Bizkaian bakarrik. Boni Urkizu apaizak bi balada pusketa, bi zati eder, bildu zituen Oiartzunen. Antonio Zavala 1955-56an hasi zen Auspoako materiala biltzen, eta dio 1967an bildu zuela berak balada eredu bakarra, Urtsuakoa, eta nahiko txarra; esan nahi dut, osatu gabea, laburra, istorio osoa kontatzen ez zuena. Eta baladan oso inportantea da istorioa osorik kontatzea, edo gehiena, behintzat, istorioari itxura edo gorputza ematen dion osotasuna. Nik, ahozko eredu berrietan saiatzea baino, argitaratutakoa finkatu behar nuela jabetu nintzen, finkatu eta, ahal bazen, osatu, gehitu eta ugaritu. Balada berriak aurkitu ahal banitu, hobeto, jakina. Horretan ibili naiz, beraz: ezagunak zaizkigun balada ereduak finkatzen, eskuizkribua —baldin badago—, zehazten, eta, eskuizkribu berriak aurkitzen. Kasu batzuetan lortu dut; askotan. Askotan, balada beraren eredu guztien eskuidatziak lortu ditut. Are gehiago, eskuidatzi zahar gehiago ere lortu ditut.
Brodatzen ari nintzen.
Esate baterako, Azkuek ahapaldi bakarra bildu zuen, eta, nik, eskuidatzi bidez, ahapaldi bakar hori ez, eredu osoa ekarri dut! Eta Zavalak argitaratu zituen baladen eredu primigenio guztiak ere, jatorrizkoak, bildu ditut. Kasu batzuetan, beraz, asko osatu dut bestek egindako lana. Nire helburua izan da dagoena, edo ezagutzen duguna, zehaztea lehen bilketako eskuidatziaren bidez, eta, ahal bada, aberastea, ugaritzea edo eredu berriak ematea. Izan ere, eredu berriak emanez hobeto ulertzen da ezagutzen dugun hori. Horixe du ahozkotasunak: gai beraren gainean aldaerak daudela, eta aldaera batzuk osoagoak direla beste batzuk baino! Esate baterako,
Brodatzen ari nintzen dela-eta, hamabost eta hamasei ahapaldiko aldaerak ezagutzen genituen. Nik, hogeita bateko bat aurkitu nuen! Hogeita bateko bat aurkiturik, hiru-lau ahapalditan beste zerbait kontatzen dela jakina da, gainerakoetan kontatzen ez dena, eta horrek asko aberasten du ordura artekoa. Horretan ahalegindu naiz, daukaguna finkatzen eta, ahal bada, aberasten, baina ez oraingo ahozko tradizioaren bidez, ezpada kaier zaharretako dokumentuen bidez.
Maitemin baten istorioa dirudi.
Zerbait berri aurkitzen duzunean, poza izaten duzu. Kaliforniara joan ziren urre bilatzailearen istorioa da, ezta? Etxera joateko garaian zeudela urre pipita bat aurkitu, eta kanpamenduan denbora gehiago geratuko zirela pentsatzen dut. Halako zerbait gertatu zait niri. Ezer aurkitzen ez duzula eta «Ene! Lana bertan behera utzi beharko dut» pentsatzen duzu. Aldiz, aurkikunde bat egiten duzunean, bultzagarria duzu, poza, edo lanean jarraitzeko arrazoia.
Zer dakarkio baladak euskarari?
Balada bat istorio bat da, bertsoz kontatua. Hizkuntzak bere indarrik handiena baladetan erakusten duela uste dut. Esaldirik ederrenak, urragarrienak, indartsuenak, onenak, baladetan daude, edo zenbait kantu zaharretan. Horregatik, esate baterako, Orixe batek bere
Euskaldunak egiten duenean, Bereterretxe sartzen du bere lanean, edo beste baladaren bat. Baladek indar aparteko bat dute. Zaila da hori hitzez adierazten, balada bera entzun ezik. Balada bera da horren erakuslerik behinena. Luis Villasantek, adibidez, nahiz eta Axularren prosa aztertzetik ezagutzen dugun gehienbat, baladei ere begiratu zien, eta esaten du, ahozko generoen artean, balada dela izarra, generorik inportanteena. Eta hori, autore euskaldunen artean, Aita Villasanteri beste inori ez diot irakurri. Esanguratsua da, ezta?
Antonio Zavala aipatu diguzu lehenago, haren balada bilduma.
1998an publikatu zuen, baina hamar, hamabost urte lehenago egina zeukan. Ordurako, hiltzat zeukan generoa. Zioen balada bakarra aurkitu zuela, eta oso txarra. 1980ko hamarkadan, harrigarriro, hainbat eredu aurkitu ziren Bizkaian, batez ere, eta
Idatz & Mintz-en argitaratu ziren.
Brodatzen ari nintzen-en bi bertsio,
Testamentuarena-ren beste bi edo hiru,
Neska ontziratuarena-ren besteren bat… Hamar bat eredu berri aurkitu ziren. Ez dakit hura ez ote zen izan zisnearen edo beltxargaren azken kantu bezalako zerbait. Oso gauza arraroa. Lekukoak 80 urtetik gorako atso-agureak ziren, baladak mendearen hasieran, umetan, ikasitakoak. XX. mende hasierako gomuta zuten, burua freskatu zuten nolabait, eta kantatu zituzten baladak. Bizkaian, batez ere. Iparraldean bada bat,
Etxera itzuli soldadua, 1980ko hamarkadan Bidarraiko bati baten batek bildu ziona. Gehienbat, ordea, ahozko bilketarik ez dago. Nik ezagutzen dudanik!
Hizkuntza garela esan diguzu arestian.
Neurri batean, oroitzapenak, bizipenak… hizkuntza jakin bati lotuak ditugu, gehienbat. Umetan kontatzen eta kantatzen zizkigutenak, adibidez, hizkuntza jakin batean jaso genituen. Hizkuntza bat bestea baino hurrago izaten dugu, ama hizkuntza pertsonalagoa, intimoagoa delako. Horregatik diot hizkuntza ere bagarela. Hizkuntza ez da, bakarrik, hiztegietan dagoen zerbait. Hizkuntza da mundu oso bat bakoitzarengan modu jakin batean islatzen duen entitatea.
Zer jaso zenuen zuk zeure etxean, Markinako Maria Ugartekoaren edo Antxia dorrean…
Esaera zaharrak, asko. Bai aitak eta bai amak esaten zituzten. Hogeita hamarren bat esaera zahar normal-normal esaten zituzten gure guraso biek. Esapideen mundua, berriz, itsaso zabalagoa da. Esate baterako, inoiz entzun gabeko hauxe entzun nion amari duela hamar urte ere ez direla: «Gatza loratuko da ni hara berriro joan orduko!». Alegia, «Ni ez naiz hara inoiz joango» esan nahi du horrek. Esapide horixe inork inon esaten ote zuen begira ibili nintzen, eta Garibairen errefrauetan ikusi nuen! Beste inon ez! Gatza loratzea inposible bat da, gertatu ezin dena da. «Lehenago loratuko da gatza ni hara joan baino». Eta gatza sekula ez da loratzen. Horrelakoak, asko gure etxean!
Ahozko literaturaren ederra!
Baten-batentzat ahozko literatura da ezertarako balio ez duen gauza guztien suma edo konpendioa: esaera zaharrak, kopla zaharragoak, lo kanta txatxuak, balada zentzugabe edo odoltsuak… Beste batentzat, berriz, ahozko literatura mundu oso bat izan liteke, edozein generotan ere. Esate baterako, amodiozko kantuek, berek bakarrik, mundu oso bat osatzen dute. Amodiozko kantuen mundua edozein hizkuntzatan ematen da, amodioa edozein hizkuntzan den moduan. Poesiarik autentikoena da ahozko literatura, benetakoena. Poeta batzuk badira beren buruarekin beste inorekin ibiltzen ez direnak, gauza hermetikoak idazten dituztenak, idazten ari diren momentuan, bakarrik, beren poesia ulertzen dutenak, hurrengo egunean eurak ere ez baitira gauza idatzi dutena ulertzeko! Ahozko poesia, berriz, da poesiarik inteligibleena, ulergarriena. Mundu guztiak ulertzen du, mundu guztiak kantatzen du, eta, horrexegatik, mundu guztiak du bere. Horixe da, gain-gainetik esanda, ahozko poesia.
Ahozko literaturaren ikerlari izan ez bazina, zer ote zintezkeen?
Ez dakit. Eta ez dakit ahozko literaturaren ikerlari ote naizen ere. Badakit ahozko literatura asko gustatzen zaidala, eta badakit, era berean, ahozkoaren ikerlari ez ezik, ezagutarazle eta argitaratzaile ere izan nahiko nukeela, ahozko literaturari halako zabalkunde bat eman nahi diona izan: paper zaharretatik aparte, neurri bateko irakurle, entzule eta zaleen esku eta belarrietara ahozko literatura irispidean jartzen duena. Irispidean. Eta ikerlari izan ez banintz… Denbora apur bat daukagunean gustuko dugun zerbait irakurtzea gustatzen zaigu. Askotan, ikerketa gogortxoak egiten ibili gara, irakurketari orduak kenduta, baina ni irakurle profesionala izango nintzateke. Kur, kur… «Hilean hogei liburu irakurtzen badituzu, soldata osoa jasoko duzu!». Kasu horretan, irakurle izango nintzateke, eta besterik ez. Kur, kur…
TESTUA: Berria (Miel A. Elustondo)