Sagarmintxen hasi, eta Etxano Burun amaitu zen Berriatuko kirol erronka ikusgarria amaitzen lehenengoa Bakene Erkiaga zaldizkoa izan da. Zaldizko berriatuarra eta
Lanbro haren zaldia herriko bost txirrindulariren aurka neurtu zituzten indarrak, eta erronka nahikoa parekatuta egon bazen ere,
hamar segundogatik irabazi zuten.
Lanbro zaldiak
lasterka “erraz” egin zituen Asterrikako aldapa malkartsuko 1.400 metroak. Erkiagak, zehazki, 3 minutu eta 2 segundo (2 minutu eta 42 segundo+20 segundoko desabantaila) behar izan zituen ibilbidea egiteko. Txirrindulariek, bestalde, 3 minutu eta 12 segundo behar izan zituzten proba amaitzeko.
Berriatuko desafioko parte hartzaileak. Argazkia: Ander Zelaia Photography
Iragarrita zegoen modura, txirrindulariek irten zuten lehenengo, eta handik hogei segundora abiatu zen zaldizkoa. Txirrindulariek erreleboka egin zuten, eta lehen metroak egiten lehenengoa Aitor Antxustegi izan zen. Antxustegik Xabi Garate
Seleta-ri eman zion lekukoa, eta ordura arte aurretik joan zen txirrindularien taldea.
Erritmo polita eraman zuten goranzkoan, baina arazo tekniko bat medio, denbora nahikoa galdu zuten hirugarren txandan. “Lehen bi txandetan oso ondo joan ginen, baina hirugarren txanda egiten ari zen txirrindulariari (Kepa Garateri)
oinetakoak pedaletik irten zion, eta berriro janzten eta ipintzen nahikoa denbora galdu zuen. Hain justu zaldiak orduan aurreratu zigun”, azaldu du Ander Txakartegi probaren parte hartzaileetako batek.
Egoitz Aranzeta eta Ander Txakartegi izan ziren lekukoa hartu zuten hurrengo txirrindulariak, eta gogor saiatu baldin baziren ere,
ezin izan zuten Erkiagaren zaldia aurreratu. Txirrindulariek galdu arren, pozik geratu direla nabarmendu dute. “Gustura ibili ginen. Galtzea edo irabaztea ez zen garrantzitsuena, gure artean ez zegoen lehiarik-eta. Erronka polit bat eskaini nahi genuen, eta lortu genuela uste dugu. Agertu dutenez, gainera, esperotakoa baino marka hobea lortu zuten. “Pentsatu baino askosaz denbora hobea egin dugu, entrenamentuetan baino zatia hobeto aritu gara”.
Galdu ala irabazi,
ikuskizun ederra eskaini zuten. Erronkak herritar askoren ikusmina piztu zuen, eta asko izan ziren errepide hegaletan zein helmugan txirrindulariak eta zaldizkoa animatzera gerturatu zirenak. “Polita izan da horrelako gauza bat antolatu, eta horrenbeste jende batu dela ikustea”.