Keu Agirretxea ondarrutarra
Pablo Novoa musikari entzutetzuagaz arituko da asteburuan. Barikuan [irailak 21], Oreretan,
Atlantikaldia 2018 ekitaldiaren barruan; domekan [irailak 23], Arrasaten, Xot diskoetxearen omenaldi ekitaldian. Eta, tartean, Lekeitioko Otoio tabernan, zapatuan [irailak 22], 21:30ean.
Pablo Novoagaz batera arituko zara egun hauetan, Atlantikaldia 2018a dela eta. Zelan egin duzue biok bat?
Oreretako Atlantikaldia 2018an parte hartzeko deitu zidan, beragaz jotzekoa zen Nono Garciak ezin zuela eta. Nire disko baten parte hartu zuen, orain dela hiru urte, eta ordutik harremana daukagu. Novoagaz jotzerik ez zeukanez, neugaz jo nahi zuela komentatu zien Oreretako jaiaren antolatzaileei.
Zer aurkitu ahal izango da Atlantikaldia 2018 ekitaldian?
Jaialdiak hainbat herrialdetako musikariak batzen ditu. Musika mota ugari landuko dira, eta mundu mailako mugimendu kulturalak batuko dira. Novoak eta biok barikuan joko dugu elkarregaz [irailak 21]; 18:00etatik aurrera, herriko plazan.
Asteburu bete-betea daukazu aurretik….
Arrasaten beste jaialdi bat daukagu domekan [irailak 23]. Talde eta bakarlari batzuk batuko gaituzte Amaia antzokian, Xot diskoetetxea erre zela hiru hiru urte bete direla eta.
Ruper Ordorika, Zea Mays eta beste musikari batzuk ere batuko dira diskoetxe historikoaren lana gogoan hartuta.
Keu Agirretxea
Eta jaialdi baten eta bestearen artean, zapatuan [hilak 22], Lekeition. Zelan lotu zenuten emanaldia?
Jaialdi horiek biak lotuta, Pablok komentatu zuen beste areto txiki baten ere nahiko lukeela, era ez hain formalean, publikoagaz harreman zuzenagoan. Horrela atera zen Lekeitioko emanaldia.
Lekeitioko lagunen inplikazioagaz lotu duzu zapatuko emanaldi hori. Non eta ze ordutan joko duzue?
Otoioko tabernan joko dugu, 21:30ean. Eta, bai, Lekeitioko lagunekin batera lotutako ekitaldia da. Ñako eta lagunekin
Maukamusik diskoetxea daukagunez, ideia ona begitandu zitzaigun Lekeition emanaldi bat prestatzea.
Euskal Herriko musikariok elkar ondo ezagutzen dugu, eta bategaz ez bada besteagaz jotzen dugu
Aurkezpen handirik behar ez duen musikaria edukiko duzu alboan….
Novoak musika tresna ugari jotzen ditu, eta bakarilari eta talde ugarigaz lan egin du eta lan egiten jarraitzen du; hor daude, besteak beste,
Ketama eta
Los Ronaldos. Niretzat, adibidez, aurkikuntza handi-handia izan da jakitea
Itoizen
Espaloian diskoa berak grabatu zuela. Niretzat hori perla bat da.
Zelan hartzen duzu erronka hau?
Niretzat zerutik jausitako opari handi bat da. Euskal Herriko musikariok elkar ondo ezagutzen dugu, eta bategaz ez bada besteagaz jotzen dugu. Estatu mailan entzute handi-handikoa da Novoa. Agertokia horrelako musika erraldoi bategaz konpartitzea gauza handia da
. Eta beragaz egunerokotasunean egonda, gauza asko ikasi ditut; ederto demasean pasatu dut. Esperientzia polita izan da. Gainera, musikari modura ezeze, pertsona modura ere balio handiko pertsona da. Ondo-ondo konpontzen gara.
Ze prestatu duzue hiru egun hauetarako?
Ordutebeteko emanaldia prestatu dugu. Emanaldi horretarako, elkarregaz batu gara Ondarroan egun hauetan, entsegatzen. Hiru egunotarako prestatu dugun arren, nahi izanez gero, hor gelditzen da, hurrengo baten ere erabili nahi izanez gero.
Hurrengo hilabeteetara begira, disko bat ateratzeko proiekturik badaukazu esku artean?
Ez daukat disko bat kaleratzeko asmorik, epe motzera. Emanaldiak ateratzen ari dira, eta gozatzen ari naiz.