Domekan [hilak 23], Galbaixotarren Eguna ospatuko dute, eta haren barruan antolatu dute argazki zaharren erakusketa, estreinako. Galbaixoko bertako
Nerea Arrizabalaga izan da ekimenaren antolatzailea. Antzinako kontuak batzeko zaleltasuna aspalditik edukita, auzoan argazki zaharren erakusketa antolatzea pentsatu zuen. Inguruan laguntzaileak bilatuta, Galbaixoko antzinako argazkiak batzeari ekin dio, eta domekan ikusiko da emaitza. Hiru paneletan,
auzoaren izaeraren zati bat islatuta geratuko da.
Antzinako jaiak jasotzea izan zen Arrizabalagaren lehenengo helburua. Eta lortu ere lortu dituzte galbaixoekin lotutako argazkiak, nahiz eta nahi beste ez. “Batetik, baserriak desagertu direlako, bestetik, argazkiak galdu, bota edo aldendu direlako, ez ditugu jaiekin lotutako horrenbeste argazki lortu. Gure asmoa da erakusketa honen bidez jendea animatu eta datorren urteetarako argazki erakusketa osatuagoa antolatzea”, adierazi du Arrizabalagak.

Nerea Arrizabalaga eta Mari Karmen Ansorregi, Kalbaixoko Kofradiako kideak
Erakutsi den argazkirik zaharrenetakoa da orain dela gutxi hil den Maritxu Egaña Iparragirre ageri dena, lokotx batzen aritu ondoren ateratakoa. “Argazki bitxia da, batetik, jantzi bereziekin jantzita agertzen delako, eta, bestetik, emakumea delako. Herri kiroletan emakumeen parte hartzea gauza berria dela uste dugunean, ikusten da antzina ere parte hartzen zutela emakumeek herri kiroletan”. Izan ere, argazki zaharrek
datu asko ematen dituzte, Arrizabalagaren ustez. “Badago beste argazki bat galbaixoetan
aizkora betitik egin dela erakusten duena. Asto probena ere badago; eta horrek lehengo ohiturak oraingoekin alderatzeko balio digu”.
Paisaiaren inguruan ere informazioa ematen dute argazkiek, Arrizabalagak dioenez. Horrela, lehengo Abeletxe baserrian ateratakoa da nahikoa aipagarri haren ustez. “Artezaharrarekin ageri da. Mutrikun oso ezaguna zen; Gipuzkoatik zaharrena ere bazen, gainera. Gaur egun, Abeletxe desagertuta dago, eta artea ere puxkatu egin zen, haizeak botata. Han bizi zen familia bat ageri da da, eta atzean artea eta baserri zatitxo bat ageri da. Zatitxo bat baino ez da ikusten, baina badakizu Abeltxe dela”, adierazi du.
Arrizabalagak argazkien inguruko ahal izan dituen datu guztiak jaso ditu. Domekako erakusketan, oraindik datu gehiago lortuko dituela uste du.