Euskara ikasi edo euskaraz trebatzeko asmoa duten bizilagunei laguntzeko konpromisoa berretsi dute aurten ere Lea-Artibai eta Mutrikuko udalek. Bide horretatik, euskara ikasten ari diren herritarrei diru laguntza ematea erabaki dute.
Ziortza-Bolibarko Udalak, esate baterako, diruz lagunduko ditu 2018-2019 ikasturtean euskaltegietan ikasten ari diren ikasleak, UEMAK abiarazi duen
Ikasi euskara herrian bertan kanpainaren barruan (euskaltegirik ez duten herri txikietan euskara ikasi ahal izateko egiten duen kanpaina da). Euskara eskolak jaso nahi dituztenek irailaren 22a arte zabalik dute izena emateko epea. Eskatzaileek udaletxera jo beharko dute edo 94-616 57 27 telefono zenbakira deitu.
Aurten ere Munitibarko Udala AEKrekin elkarlanean ari da bizilagunei euskara ikastaroak eskaintzeko. Horretarako irailaren 24ean (astelehena) batzarrak egingo dira Munitibarko udal aretoan. A1 eta A2 mailetako ikasleekin 13:00etan dute saioa, eta B2 mailakoekin 17:00etan. Izan ere, maila guztiak eskaintzen dituzte, baina, hiru talde horiek sortuko direla aurreikus ditu. Hala ere, herritarrek B1, C1 edo C2 maila lortu nahi izanez gero, autoikaskuntza eredua izango lukete aukeran. Euskara ikasteko interesa dutenek, irailaren 30a arte dute izena emateko aukera. Udalerrian erroldatutakoei %100eko laguntza emango die udalak, eta erroldatu gabeei, talde modulazioaren araberakoa.

Berriatuan egindako euskara ikastaro bat. Argazkia: Berriatuko Udala
Ondarroako Udalak ere diruz lagunduko ditu euskalduntzean ahalegina egin duten herritarrak. Udal euskara zerbitzuko arduradunek jakitera eman dutenez, Ondarroako euskaltegian izena emateko epea zabalik dago. “Udalak euskararen sustapenean konpromisoa hartuz, bai matrikulazio kanpaina baita ikastaroak ere lagundu eta babesten ditu”. Ikastaro arruntak, online erakoak eta bereziak eskainiko dira: gurasoentzat, etorkinentzat eta merkatari eta ostalarientzat. Ikastaroak maila guztietakoak izango dira, eta irailaren 30a baino lehen eman beharko da izena, AEK euskaltegian, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan.
Mutrikun, ostera, udal euskategiaren bidez bideratzen da herritarrentzako eskaintza guztia. Adierazi dutenez, hilabete batzuk barru etorri berrientzako ikastaro bat egin nahi dute.
Aulestiko Udalak inguruko herrietako euskaltegietara ikastera joaten direnak diruz lagunduko ditu.
Berriatuan, urtero modura, ikastaroren bat egiten dutenei %80ko dirulaguntza bideratuko zaie. Udazkenean etorri berrientzako ikastaro bat abian jarri nahi dute udalerrian, AEKgaz elkarlanean. “Gutxienez, seiko taldeak sortzen badira herrian bertan egingo dira ikastaroak, bestelakoan, eta Ondarroako edo Markina-Xemeingo talderen batean lekurik egonez gero, hara bideratuko ditugu ikasleak”.
Lekeitioko Udala eta AEK euskaltegiak elkarlanean, euskara ikastaro batzuk eskaintzen dizkie urtero Lekeitiora bizitzera datozen atzerritarrei
Lekeition ere ematen dira laguntza horiek. Alde batetik euskaltegi homologatuetan euskara ikasteagatik diru-lagutzak eskaintzen zaizkie lekeitiarrei. Diru-laguntza horien udal araudia Lekeitioko
web orrialdean dago ikusgai: Zerbitzuak atalean sartu,eta Euskara atalaren barruan, diru-laguntzak jartzen duen tokian klikatu eta bertan diru-laguntzen azalpena ageri da. Euskalduntze 1. maila egiten duten ikasleen matrikularen %100 diruz laguntzen dute, euskalduntze 2. mailan edo alfabetatzean diharduten ikasleek matrikularen %75 jasoko dute eta euskalduntze 3. eta 4. mailari dagozkion ikastaroak egiten dituztenei matrikularen %50 ordainduko zaie.
Bestalde, Lekeitioko Udala eta AEK euskaltegiak elkarlanean,euskara ikastaro batzuk eskaintzen dizkie urtero Lekeitiora bizitzen datozen atzerritarrei. AISA deitzen diren ikastaro hauek bertoko kultura errealitatea, ohiturak eta hizkuntza ezagutu ditzaten antolatzen dira. 60 orduko ikastaroak dira, doan eta ikasturtea hasi baino lehen Lekeition erroldatu berri diren atzerritarrei gutuna bidaltzen diete etxera horren berri emanez.
Lekeitioko udaletxeko erregistro orokorrean eskura daitezkeen inprimaki normalizatuen bitartez eskatu behar da diru laguntza. Bi epe egoten dira urriaren 1etik 31ra bitartean eta uztailaren 1etik 15era bitartean.
Markina-Xemeingo Udalak helduen euskalduntze eta alfabetatzean duen konpromioa berretsiz, euskara ikasi edo euskaraz alfabetatzeko diru-laguntzen udal araudia onartu du, eta aurrekontu partida bat ezarri du 2017-2018 ikasturtean euskalduntze ikastaroetara joan diren Markina-Xemeingo biztanleei diru-laguntzak emateko.
Diru-laguntza horren onuradun izango dira Markina-Xemeinen erroldatuta daudenak eta euskara ikastaroa HABEk homologatutako edozein euskaltegitan egin duten edo egiten ari direnak. Diru-laguntzak eskatzeko epea urriaren 1etik 12ra egongo da zabalik, eta eskaerak udaletxeko harreran aurkeztu beharko dira.
Etxebarriko Udalak ere euskara ikasten dabiltzanak
diruz laguntzen ditu urtero. Etxebarriko bizilaguna direnek eta HABEk homologatutako edozein euskaltegitan euskara ikasi edo euskaraz alfabetatzen diharduen pertsona guztiek jaso ahal dituzte laguntzak. Euskalduntze 1. maila egiten duten ikasleen matrikula-sariaren %100 diruz lagunduko dute, euskalduntze 2. mailan edo alfabetatzean diharduten ikasleek matrikula sariaren %80 jasoko dute eta euskalduntze 3. eta 4. mailari dagozkion ikastaroak egiten dituztenei matrikula sariaren %50 ordainduko diete. Udako trinkoa –uztaila, abuztua eta iraila– egin duten ikasleek
urriaren 1etik 15 era eskatu ahal dituzte laguntzak.