Bigarrenez egiten du deialdia; oraingo honetan, aurrekontu handiagoagaz.
Bizkaiko Foru Aldundiak 716.000 euro gorde ditu lanetarako. Zubia berritu ezeze, engranaje sistema ere berreskuratu nahi da.
Bizkaiko Foru Aldundiak irailaren 19an egin zuen deialdia, eta egun hartatik zenbatzen hasita, enpresek 26 egun edukiko dituzte proposamenak aurkezteko.
Lehenengo deialdian 300.000 euro gorde zituen aldundiak zubiak lehen zeukan itxura berreskuratzeko, baina enpresa bakarra aurkeztu zen, eta bera epez kanpo.
Ondarroako Udalak dioenez, lehengo itxura berreskuratzeagaz ez da nahikoa;
engranajea ere berreskuratu beharko litzateke: zabaltzeko aukera eman. Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Kulturaren Sailak bat egin du eskaeragaz, eta aukera hori bermatuta geratu dadin,
gehitu egin du aurrekontua.
Teknikariak, Ondarroako Plaiko Zubian, lanean.
Lanek
Alamedan eragina edukiko dute, zubia biratzeko mugimendua galarazi dezaketen elementuak kendu egingo dira eta. Behin lanak egingo dituen enpresa aukeratzen denean, beharrak
bederatzi hilabetean egin behar izango ditu. Lanak amaitu eta urtebetera aldundiko teknikariek zubia zelan dagoen aztertuko dute. Bestalde, hiru urtetik behin zubiaren egoera berrikusi beharko litzateke, eta hamabost urtetik behin, margotu.
Aukeratzen den enpresak konponbidea duten zubiaren zatiak konpondu eta aldatu beharra dutenen kasuan berriak ipini behar izango ditu. Zubiko
zatiak hartu eta lantegi batera eramango ditu, han sakonago aztertu, zein pieza behar dituen ikusi eta posible den heinean
jatorrizkoaren itxura handiena emateko.
2015eko azaroan ezagutzera eman zen txosten batean jasota geratu zen plaiko zubia egoera txarrean zegoela
Hondartzako zubia oinezkoentzat
zarratuta dago 2016ko abuztutik, egitura mugitu egiten zela ikusi zenetik. Hala ere, aurretik zetorren plaiko zubiarenganako kezka. Izan ere, 2015eko azaroan ezagutzera eman zen txosten batean jasota geratu zen plaiko zubia egoera txarrean zegoela.
Egitura sendotzeko beharra nabarmendu zuten, zubia erortzeko arriskuan zegoelako. Kalte gehienak hezetasunak eta kresalak eragindakoak zirela baieztatu zuten.
Oinezkoentzako zubi birakaria 1927an egin zuten, Arrigorri hondartzarako bidea errazteko. XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran egiten zen burdin arkitekturaren adibide da.
2003an
Ondarroako Historia Zaleak elkarteak zubia ondare izendatzeko eskatu zion aldundiari. Izendapena handik bost urtera heldu zen, 2008eko maiatzaren 15ean. Data horretan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak zubia
Euskal Kultura Ondareko Zerrenda Orokorrean sartu zuen, Ondare Kultural legez.
Ondare Kultural izendatzeaz batera, Eusko Jaurlaritzak Ondarroako Udalari egitura babesteko eskatu zion 2008an. Izendapenaren ondorioz babestuta geratu ziren guneak ondokoak izan ziren: alde batetik, bi harroinez eta metalezko bi bao-erdiez osatutako zubiaren egitura bera, eta bestetik, zubiari lotutako urbanizazioa; azkenik, zubiaren ondoan dagoen eremua ere babestuta geratu zen.
Zubia
2002an zabaldu zen azken bider. Urte hartako maiatzean, Plaiko Zubiak 75 urte bete zituen eta zabaldu egin zuten –urteurrena baino aste bat beranduago zabaldu zuten, giltza lortu eta gero–. Hilabete beranduago, Sasoire plataformak Kepa Badiola preso ohia Espainiara bidali behar zutela eta, salaketa egiteko zabaldu zuen zubia. Ordutik, ez da gehiago zabaldu.
Ondarroako plaiko Zubia, eta, atzean, Itsasaurre Zubia