Itsasoaren sektoreari buruzko jardunaldia egingo dute Ondarroan
Lea-Artibai eta Busturialdeko itsas sektoreko eragileak batuko ditu jardunaldiak. BEAZeko zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak berba egingo duteAzaro Fundazioak eta Bermeo-Sukarrieta-Mundaka Behargintzak itsasoari lo...
Lea-Artibai eta Busturialdeko itsas sektoreko eragileak batuko ditu jardunaldiak. BEAZeko zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak berba egingo dute
Azaro Fundazioak eta Bermeo-Sukarrieta-Mundaka Behargintzak itsasoari lotutako industria arloan enpresen arteko elkarlan proiektuak sustatzeko egitasmo berri bat jarri dute martxan Bizkaiko Foru Aldundiaren Elkarlean 2018 programaren baitan. Proiektuari hasiera emateko, Itsasoaren sektorean estrategia eta lehiakortasunari buruzko ikuspegiak jardunaldia egingo dute gaur, 09:30etik 11:30era bitartean, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Lea-Artibai eta Busturialdea antzekotasun handia duten eskualdeak direla adierazi dute antolatzaileek, «arrantzak eta industria eraldatzaileak bietan dauka pisu handia». Horregatik, proiektuaren helburu nagusia itsas industriari lotutako enpresen erronkak, joerak eta beharrak identifikatzea izango da, gero proiektu ezberdinak definitu eta abiarazteko. «Bi eskualdeetako sektore honetako enpresek berrikuntza dinamikak elkarlanean burutzeko gaitasuna garatzea lortu nahi da balio kate osoan, ontzioletatik hasi eta komertzializazio fasera heldu arte. Topaketaren bukaeran proiektuaren baitan egingo diren hurrengo elkarlanerako ekintzak aurkeztu eta hauetan parte hartzeko gonbitea luzatutako zaie bertaratuei».
Jardunaldia teknikoa izango da, eta Lea-Artibai eta Busturialdeko arrantza eta itsas sektoreko enpresa, elkarte eta eragileei zuzenduta dago: enpresa eraldatzaile, handizkari, neskatila, sare konpontzaile eta industria osagarrietako ordezkariei.
Hizlarien artean Ainara Basurko BEAZeko zuzendaria eta Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria egongo dira. Horiez gain, Galiziako eraldaketaren sektoreko hiru enpresa berritzaileren ikuspuntua eta esperientziak ezagutzeko aukera ere egongo da: Opromar, Porto Muiños eta Ocean Secrets.