Ondarroa
hiru zine areto edukitzera heldu zen, zine zaletasunak zeukan indarraren erakusle. Gaur egun, ostera, Ondarroa aretorik barik dago.
Zinema lehenengo pausoak ematen zebilela ireki zituen ateak Cine Celayak edo zine zaharrak (
Goiko zinik) aspaldiko 1922ko inauterietan, harrera beroagaz ireki ere. Oraindik irratia etxeetan sartzeko zegoen herrian, eta zinemak erraz egin zuen lekua.
Zinema soinuduna ez zen 1927ra arte heldu, eta, beraz, bitartean, orkestra bat izaten zen zuzenean pantailan ikusitakoari soinua ipintzen,
Juan Izeta Ondarroako bandako zuzendaria gidari. Handik urte gutxira, eta soinudun zinema indartzen joan ahala,
Joakin Iriondok arrain lantegia zarratu eta zinema zabaldu zuen Alamedan; Errepublikagaz batera.
Ricardo Bastida arkitektoak egin zuen, herriko beste eraikin asko modura; Ondarroan hormigoiz egindako lehenengo eraikina izan zen, gainera. Han ere jotzen zuten pianoa, eta batean zein bestean, zinema bakarrik ez, titiriteroen saioak eta beste agerraldi batzuk ere eskaintzen ziren.
Ondarroako Bide Onera zine aretoa edo Goiko zini
36ko gerran, denak zinemara. Zinema ezinbesteko bilakatu zen. Horren adierazgarri, 36ko gerra. Sei hilabetean, Ondarroan frontea egon zen, eta domeketan, alde batekoek eta bestekoek, eten bat egin, eta pelikula ikustera joaten ziren Beikozinera. Era berean, hormigoizkoa zela eta, ingurukoentzako babes leku ere bazen, elizagaz batera, bonbardaketa abisuak egoten zirenean.
Hiru zinema areto edukitzera heldu zen Ondarroa.
Bide Onera edo Goiko zini jendeak ezagutzen duen modura, Ortiz sendiarena;
Alameda zinema, jendearentzat Beikozini, Joakin Iriondok zabalduta; eta
Arrantza Eskolako zinema edo Zinepeska, elizak irekitakoa. Azken hori izan zen azkena zabaltzen eta lehenengoa zarratzen. Elkarregaz ondo konpontzen ziren zinema aretoetakoak, eta batekoek bestean sarrera libre zeukaten.
Urterik onenetan, irratiaren eta telebistaren faltan, egunero botatzen zuten pelikula; arratsaldez zein gauez. Zinemara joatea plan bakar zen garaiak ziren. Pelikula ikusi bitartean galtzerdiak egiten zituztenak dauzkate gogoan nagusienek, arbasoei entzunda.
Polka herriko pregoilariaren bitxikeriaren bat ere bai. Irakurtzen ez zekienez eta
bandoak gaztelaniaz buruz ikasita bota behar zituenez, horrela esan zuen, ahots goran, Alameda zineman diru zorroa galdu zela adierazi nahian:
Se ha perdido un cine dentro de una cartera.
Gozatzeko egina. Arrantzale portua izanik, kanpoko arrantzaleentzat ere denbora pasa aproposa izan zitekeen. Jose Antonio Arantzamendi 50 urtean Bide Onera Zinemako arduradun izan zenak gogoan dauka Bilbora bizkor baten Far Westeko pelikula baten bila joan zirenekoa, eguraldi txarragaz arrantzaleak lehorrean geratu zirela eta. Zinema lepo bete zen.
Taldean sentitzen zen zinema; taldean gozatzen.
Far Westeko pelikuletan trostan zetozen zaldiekin batera hankekin burrunbada ateraz, heroia agertzean txalo zaparradak lehertuaz, Tarzanen txilioa imitatuaz…. Eta bobinak aldatu behar zirenean edo irudia koadrotik kanpora geratzen zenean arduradunari diadar eginaz. «Josetxuuuu!» zen gerra txilioa horrelakoetan Alameda zineman edo Beikozinan.
Telebistaren etorrerak, bideoaren bat-bateko sarrerak, Internetek, eta, orokorrean, aukera zabaltzeak zinemaren gainbehera ekarri zuten. Arrantza Eskolako zinema zarratu ostean, 1992an Zine Alamedak ateak itxi zituen; eta Bide Oneran orain hiru urte bueltan eman zuten azken pelikula;
Warcraft.
Zinema aretoetan ematekotan ziren pelikulen sailkapena Andra Mari elizaren atean ikusi ahal izaten zuten fededunek
Zinemara, bedeinkazio guztiekin. 1912tik 1977ra bitartean, pelikulek zentsura pasatu beharra edukitzen zuten; zer esanik ez
Franco garaian. Irizpide moral, ideologiko eta politikoen arabera, filmen proiekzioa baimendu edo mugatu egiten zen.
Estatuaren zentsurari elizarena gehituta, zinema aretoetan ematekotan ziren pelikulen sailkapena Andra Mari elizaren atean ikusi ahal izaten zuten fededunek. Estatuak zenbakika sailkatzen zituen, eta elizak, koloreka.
3R sailkapena zeukatenak nagusientzat ziren, zentsuraren arabera; baina baimena erabatekoa ez zela iradokituta; bazeukala pelikulak zerbait zentsuragarria. Gaztelaniaz zehazten zuten modura,
Mayores, con reparos. Maila bat gorago, inongo onarpenik ez zeukatenak zeuden:
4-nadie izendapenekoak. Sailkapen haiei kasu eginez itsu-itsuan elizak esandakoari jarraituz pelikula batzuk ikusi barik geratu zirenak egon bazeuden arren, beste askok ez zituzten elizaren esanak jarraitzen, eta berdin-berdin joaten ziren elizaren begiko ez zen hori ikustera.
Beikozineko Alberto Markuerkiaga
Beste alde batetik,
zentsoreen eskuetatik pasatako pelikula haiek aldatuta ematen zituzten sarri-sarri. Bikoizketetan eskua sartuta, filmaren argumentuak zentzua galtzen zuen; eta mozketek eraginda, kontatu nahi zen historia ez zen ulertzen. Hala ere, askotan kontrako efektua eragin zuten zentsoreek. Haien irizipideei jarraiki oraindik eta inmoralagoak jo beharko lituzketen emaitzak sorrarazten zuen zentsoreen manipulazioak; adibidez, adulterioaren aurretik, nahi barik, intzestua edo hiru pertsonen arteko sexu harremana iradokitzen zenetan.
Pantailatik kanpo, butaken parean, beste eszena batzuek ere erakusten zuten
elizaren indarra. Beikozinan, gogoan dute batzuek zinemara sartu eta pasillo erdian makurtu eta aitarena egiten zutela, egiten zutenek eurek baino ez dakiten arrazoiengatik.
Arrantza eskola