Lekeitioko Udalak eta
ABAO-OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak elkarlanean antolatuta,
Oihalaren atzean-Opera baten muntaketa hitzaldia egingo da barikuan [irailak 21], 19:00etan, Lekeitioko Ikusgarri aretoan. Hitzaldira hurreratzen direnek operaren mundua barrutik ezagutzeko aukera paregabea izango dute. Antolatzaileek gogorarazi dutenez,
ekintza doakoa izango da. Ordubete eta laurden inguruko iraupena du, eta publiko guztiari zuzenduta dago.
Hitzaldi didaktikoaren helburu nagusia
opera herritarrengana gerturatzea da. Aitziber Aretxederra ABAO-OLBEko programa didaktikoaren arduradunak aurreratu duenez, opera bat zelan sortzen den eta berorren muntaketari buruzko xehetasunen berri emango dute hitzaldian, eszenatokian egoten diren artistengandik hasi, eta oihalaren atzean aritzen diren langileetara arte.”Ekoizpen baten alderdi nagusienak ezagutzera emango ditugu. Opera bat muntatzeko zein baliabide material edo pertsonal behar diren azalduko dugu”.
La Boheme operaren argazki bat. Argazkia: ABAO
Besteak beste, ikusleek
agertoki gainean ikus ditzaketen pertsonen (opera abeslari baten, orkestraren edota zuzendari musikalaren) beharrari buruz ariko dira. “Horiek guztiak agerian dauden elementuak eta lanak dira, baina askotan ahaztu egiten zaigu opera bat beste lanbide batzuei esker ere egiten dela. Oihalaren atzean egiten diren lan horiek ere, besteek besteko garrantzia dute”. Bide horretatik, jostunen, makillatzaileen, jantzitegiaren,
attrezzo-aren, kamerinoen, entsegu gelen, talde teknikoen… garrantziaren berri ere emango dute.
Ikus-entzunezkoak ere erabiliko dituzte opera baten prestaketa lanak eta
emaitza finala ezagutzera emateko, opera ezagunen zatiekin. Azalpenak ematera etorriko direnek ere, gainera, opera munduan duten esperientziari buruzko hainbat azalpen ere emango dituzte.
Era berean,
La Boheme operari buruzko hainbat xehetasunen berri ere emango dute. Hitzaldira gerturatzen direnei ekoizpenaren entsegu bat ikustera joateko gonbidapena luzatuko diete. Ohi modura, bukaeran, hitzaldiaren bukaeran nahi duenak galdera egiteko tartea izango du. “Eurek dituzten zalantza guztiak argitzen saiatuko gara”.