Seguros Bilbao-Ortasa taldeko Eder Morenok irabazi du Berriatuko 36. Aitxe Kutz saria. 42,2 kilometroko ibilbidea burutzeko 01.04.36 behar izan zituen kadete 1 mailako txirrindulariak. XVI. Juan Luis Kanterape memoriala, gainera,
azken metroetako esprintean erabaki zen. Izan ere, Morenorekin batera Alberto Llamas (Baque/Ideus BH Team) ere helmugaratu zen.
11 txirrindulari taldetako 48 lagunek eman zuten izena proban, eta
30ek amaitu zuten. “Bero handia egin zuen, eta ibilbidea bera ere oso gogorra denez, nahikoa bertan behera uzte egon ziren”, adierazi du Ander Txakartegi Berriatuko Txirrindularitza Elkarteko kideak.
Egoitz Aranzeta berriaturra Juan Aranzeta aitonaren eskutik oroigarria jasotzen. Argazkia: Bizkaiko Txirrindularitza Federakundea Facebook
Sailkapenari dagokionez, Morenoren eta Llamasen atzetik Endika Solaguren (Seguros Bilbao-Ortasa) helmugaratu zen hirugarren, 21 segundo beranduago. Eskualdeko lehen sailkatua, berriz,
Egoitz Aranzeta berriatuarra izan zen, 1.04.57 denboragaz. Zazpigarren helmugaratu zen. Amets Alzabal berriatuarrak 22. postuan amaitu zuen eta Udane Bilbao herritarrak bertan behera utzi behar izan zuen lasterketa.
Mendiko saria, berriz, Alberto Llamasentzat izan zen. Atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Eder Moreno eta Pablo Castresana. Tarteko helmugen saria, aldiz, Aitzo Sasietarentzako izan zen. Atzetik, Oier Gallastegi eta Eder Moreno sailkatu ziren, hurrenez hurren. Taldekako saria, ostera, Seguros Bilbao-Ortasa taldeak jaso zuen. Atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Baque/Ideus BH Team, Gastronomia Basca/Avia/LI, Basati Bike-Busturia Txirrindulari Taldea, Ekin/Amorebieta Txirrindulari Elkartea eta Vicinay Cadenas/Lancor.