Bermeo Tuna Tagging Racen emaitzak oso onak izan dira
Akordioa sinatu dute mundu mailan hegalaburraren kudeaketa jasangarria sustatzeko laguntzak jasotzeko. Hegalaburraren ezagutzan sakontzen ari diraBermeo Tuna Tagging Race arrantza kirol proba egin dute asteburuan, eta arduradunen arabera, emaitza oso o...
Akordioa sinatu dute mundu mailan hegalaburraren kudeaketa jasangarria sustatzeko laguntzak jasotzeko. Hegalaburraren ezagutzan sakontzen ari dira
Bermeo Tuna Tagging Race arrantza kirol proba egin dute asteburuan, eta arduradunen arabera, emaitza oso onak izan dituzte. Bermeon egiten den mota horretako lehen ekimena izan da, eta horren bitartez, «mundu mailan hegalaburraren kudeaketa jasangarria sustatzea» izan dute helburu, baliabide naturala den heinean.Proiektuan Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hainbat taldek parte hartu dute. Azti zentro teknologikoagaz, Atunketari Izoztaileen elkarteekin, Bermeoko Arrantzale Kofradiagaz eta Campos, Serrats, Arroyabe eta Zallo kontserba enpresekin batera aritu dira elkarlanean Bermeoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.
Arduradunek jakitera eman dutenez, kirol arrantzaren barruan, Bermeo Tuna Tagging Race «ekitaldi aitzindaria» izan da Bizkaiko golkoko hegalaburraren markaketa elektronikorako. Aztiko biologo talde batek oso hurretik eta une oro ikuskatu du hegalaburrak harrapatu eta markatzeko prozesua. Arrainei tratu ona ematen dietela segurtatu dute, parte hartzaileei praktika onak erakutsi bitartean. Gainera, probak iraun artean, zientzialariek arrantzatutako aleak itsasora osasuntsu eta salbu itzultzen zirela egiaztatu dute zientzialariek; horien artean egon da probaren errekorra ezarri duen 185 zentimetro eta 130 kiloko alea.
Bittor Oroz Bermeo Tuna World Capitaleko lehendakariak azaldu duenez, «hegalaburra markatzeko jardunaldiak agerian uzten du arrantza kirolaren sektorearen ahaleginaren balioa arrantza espezieen iraunkortasunaren alde. Horrelako arrantza motaren zaleen eta itsasoaren biodibertsitatea eta iraunkortasuna zaintzeko arrantzari buruzko ikerketaren harremanak sendotzen laguntzen du». Lehendakariak zehaztu duenez, jardunaldiak «hegalaburraren biologiari buruzko ezagutzan sakontzen jarraitzea eta arraina kudeatzeko neurrien eraginkortasuna areagotzea» ahalbidetuko du.
Kudeaketa jasangarria
Bestalde, BTWCen arduradunek jakitera eman dutenez, Seastainable Ventures enpresa katalanagaz akordio batera iritsi dira. Akordioaren bitartez, mundu mailan hegalaburraren kudeaketa jasangarria sustatzeko laguntzak jasoko ditu BTWCek, proiektu jakin batzuk diseinatzeko, garatzeko eta kudeatzeko. Horien artean, Blue Life Marine Sanctuary izeneko itsasoko bizitzaren babesleku bat garatzeko eredua nabarmendu dute. BTWCek nahiko luke Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean ezartzeko aukera kontuan hartzea.