Mutriku Sokatira Taldeko bi kidek Euskal Herriko zilarrezko domina eskuratu dute
Sokatirako mundialetan, 720 kiloko modalitatean, Euskal Herriak bigarren egin du, eta Mutriku Sokatira taldeko bi lagunek, Patxi Ituartek eta Iker Goikoetxeak, taldean parte hartu dute; beraz, zilarrezko dominarekin egingo dute buelta Euskal Herrira. Mutriku Sokatira taldea 1973tik ari da nazioarte mailako txapelketetan parte hartzen, eta estreinako lortu du domina bat 720 kiloko kategorian.
Hego Afrikako Ciudad del Cavon jokatu da Munduko Sokatira txapelketa. Mutriku Sokatira Taldea lortutako emaitzekin pozik dago. “Uste baino maila hobea eman dugu. Talde asko direnez, norbere neurrikoa topatzea errazagoa da. Taldeko hiru lagunek, gainera, estreinako parte hartzen dute nazioarte mailako txapelketa baten, eta haientzat batez ere oso esperientzia ona izan da”, adierazi du Mutriku Sokatira Taldeko Javi Urrestik.
720 kiloko nazio mailako neurketaren aurretik, Mutriku Sokatira Taldeak beste bi hitzordu eduki ditu. Irailaren 19an, 560 kiloko kategorian lehiatu ziren. Hiru tengada galdu zituzten; beste hiru irabazi eta batean berdindu. Berdinketan, falta gutxiago egin zituzten, eta laugarren geratu ziren. Irailaren 20an, 640 kiloko kategorian neurtu zituzten indarrak. 28 taldek parte hartu zuten, lau multzotan banatuta; eta Mutriku Sokatira taldeak laugarren egin zuen bere multzoan. “Horixe da maila garrantzitsuena sokatiran, eta, beraz, postu horretan geratuta, pozik gaude”, esan du Urrestik.
Sokatira txapelketa amaitu ostean, egun batzuetako atsedena hartu dute mutrikuarrek. Bihar [irailak 26] arratsaldez dira Euskal Herrira heltzekoak.