Ondarroako osasun etxean familiako mediku bi falta dira
Irailaren 17tik, Ondarroako osasun etxea familia mediku bi gutxiagogaz geratu da, eta lanpostuak ez dira oraindik ordezkatu. Eladino Gonzalez osasun etxeko zuzendariak dioenez, momentu honetan ez dago profesional nahikorik ordezkapenak egiteko. Hala ere, urriaren 1etik aurrera lanpostuak beteta egongo direla espero du.
Aurreko astetik dator egoera berria, barruko mugikortasunaren lehiaketaren ebazpenaren ostetik. Irailaren 17an heldu zen ebazpena, eta Ondarroan lanean zeuden bi familia mediku beste zentro batera joan dira lanera. Horri gehitu behar zaio udan lanean egon direnek oporrak hartu dituztela. Bateko eta besteko, momentu honetan Ondarroako osasun etxean egon beharko liratekeenak baino familia mediku gutxiago daude. “Arazoa orokorra da. Beste herri batzuetan ere gertatzen den kontua da, ez bakarrik Ondarroan. Gaur egun ez dago mediku nahikorik mugitu diren medikuek utzitako lekua eta bajak betetzeko”, adierazi du Eladino Gonzalez Ondarroako osasun etxeko zuzendariak. Gonzalezen esanetan, aste honetan aurrekoan baino arreta premia handiagoa egon zen, eta laster egoera aldatu egingo dela aurreikusten du. “Suposatzen da urriaren 1etik aurrera mediku biek ordezkoa edukiko dutela. Ordura arte eutsiko diogu. Baina egoera hau ezin da luzatu. Hori egia da “, gehitu du Gonzalezek.
Osasun etxearen buruak dioenez, profesionalak falta dira. “Momentu honetan, kontratatu ahal diren osagile profesionalak gutxiago dira behar direnak baino”, adierazi du. Egoera ulertzeko, atzera jo behar da Gonzalezen esanetan. “Urteetan martxan egon den formakuntza aurreikuspena motz geratu da. Eta, orain, medikuak jubilatzen hasi direnean, ez dago behar beste profesionalik libre hutsuneak betetzeko”, adierazi du. Horrenbestez, egoerari buelta emateko denbora asko joango dela esan du.
Ondarroako osasun etxean, momentu honetan, pediatrian ere egun erdiko zerbitzua ematen ari dira. “Hala ere, pediatria estalita dago. Titularra oporretan dago, eta ordezkoa egun erdiko jardunean ari da, beste zentro bategaz partekatuta. Arazoa bera da: profesionalen falta, hutsuneak betetzeko. Baina titularra bueltatzen denean, egun osoko jardunean egongo denez, zerbitzua bermatuta egongo da”, gogoratu du Gonzalezek.