Eskualdeko bi amankomunazgoen jarduna jasotzen duen zerbitzu gida bateratua aurkeztu dute gaur [irailak 26]. Bertan izan dira Rakel Elu
Lea Artibai amankomunazgoko lehendakaria eta Susana Viar gidaren egilea eta diseinatzailea.
Rakel Eluk azaldu duenez, gidak ez du kostu gehigarririk eduki bi erakundeentzat, eta bertan eskualde osoko zerbitzu guztiak batu dituzte. Azpimarratu duenez, bi amankomunazgoak batera azaltzen den
estreinako gida da kaleratu dutena. “Interesgarria iruditu zaigu bi amankomunazgoen datuekin gida bat kaleratzea. Hamabi herriak batera agertzea ere erakargarria izango dela iruditu zaigu”.
Susanak Viarrek, bere aldetik, gida egiterako orduan eskualdeko hamabi herriak hobeto ezagutzeko aukera izan duela agertu du. Aldi berean, orain arte
editatu gabeko informazio asko argitaratzeko aukera izan duela gaineratu du. Lana Karmelo Undurraga (Foto makina) eta Yolanda Eizagirre (Klik Klak) argazkilarien irudiekin osatu du. “Nire iritziz, kalitate handiko gida da”.

Susana Viar eta Rakel Elu eskualdeko zerbitzu gida berriagaz
4.000 bat ale kaleratu dituzte, eta herrietan biztanle kopuruaren arabera banatuko dira. Besteak beste, Lekeitioko eta Ondarroako turismo bulegoetan eta amankomunazgoetan bertan lortu daiteke.
Desentralizazioa. Lea Artibai amankomunazgoko lehendakariak, bestalde, aurten ere ohiko zerbitzu guztiak (drogomenpekotasunaren aurkako talde, guraso hezitzaileak, gazteria…) mantenduko eta koordinatuko dituztela adierazi du. “Desentralizazioa bultzatzen jarraituko dugu. Agintaldi osoan modura, zerbizuak herririk herri hurbitzeko ahalegina egiten jarraituko dugu, ahal den heinean”.
Aldi berean,
zaintzaileei beharrari ere garrantzia ematea berebizikoa dela jakitera eman du. Besteak beste, ikastaroak eta asistentzia ematen jarraituko dute. “Horiek zaintzen jarraitu behar dugula argi daukagu. Sare indartsu bat sortu nahi dugu, zaintzaileei erantzuna eman eta babesteko”. Bide horretatik,
Zainduz aldizkariaren ale berria argitaratu dutela ere azaldu du.
Ikasturteko helburuak lantzeaz gain, eskualdeko birziklapen datu berriak eman dituzte ezagutara. Nabarmendu dutenez, 2018 lehen seihilabetean
errefusa nabarmen gutxitu da %13,53 (576.481 kilo gutxiago jaso dira), eta gehiago birziklatu da. “Bide onetik goaz. Herritarrek ingurumen ikuspegia zabaldu dute. Datu oso positiboak jaso ditugu urteko lehen seihilabetean. Emaitza honetara ailegatzeko lan egin asko egin da”.
Gogorarazi dutenez, organikoa sailkatzerako orduan garrantzitsua da doan banatzen dituzten
poltsa konpostagarriak erabiltzea. “Poltsa konpostagarriak erabiltzea berebizikoa da. Plastikozko poltsen, bestelakoan, kalte handia egiten diote konpostari”.