Bizipenen kontakizuna, lagun eta taldekideen begietatik
Hamahiru urteren ostean, herrikoen aurrean agurtu zen iaz Sarkor. Orain, baina, ezkutuan gordetako kontakizunak ezagutaraztea erabaki dute. Elai-Alai aretoan proiektatuko dute dokumentala bihar, 20:30ean.Hamahiru urteko ibilbidea osatu eta gero, iazko ...
Hamahiru urteren ostean, herrikoen aurrean agurtu zen iaz Sarkor. Orain, baina, ezkutuan gordetako kontakizunak ezagutaraztea erabaki dute. Elai-Alai aretoan proiektatuko dute dokumentala bihar, 20:30ean.
Hamahiru urteko ibilbidea osatu eta gero, iazko azaroan Sarkor Ez, Sarkor No aldarrikapenari eutsiz agurtu ziren taldekideak. Aurten, baina, beraien joan-etorriei buruzko ikus-entzunezko kontakizuna eraikitzea erabaki dute.Lau disko utzi ditu Sarkorrek. Su emoten hasi zuten ibilbidea. eta Sentimendu gabe jarraitu zuten. Mundu kodifikatuen atzean bizi garela aldarrikatuz jarraitu zuten, eta 2016an, hirukote moduan ateratako azkenengo diskoan Sarkor izena jarri zioten azken lanari, taldearen nortasuna mantenduz.
Lau diskoak aurkezten aurrera eta atzera ibili dira, eta kilometro baten eta bestearen artean asko dira gordeta izan dituzten momentuak. Horiek gogoratzeko eta ezkutuan zeukaten materiala erakusteko, Sarkor Garena Gara izeneko dokumentala aurkeztuko dute bihar, Elai-Alai aretoan. Arratsaldeko 20:30ean hasiko da proiekzioa, eta sarrera doakoa izango da.
Taldearen ibilbidea biltzen duen dokumentalak denetariko materiala izango du; izan ere, taldekideen aitorpenak, lagunen elkarrizketak edota zuzeneko kontzertuen tarte batzuk ikusi ahalko dira bertan. «Taldeari buruzko dokumental oso pertsonala da, taldearen historia ondo laburbiltzen du», aitortu du Asier Musatadi Musa taldekideak. «Gure ibilbidea zelan bizi izan dugun eta zelakoa izan den argi ikusiko da».
Gainera, taldeak jarraitzaileekin izan duen harreman estua zelakoa izan den agerian geratuko dela azaldu du: «Inguruko jendeak gugaz daukan harremana oso ondo batzen du ikus-entzunezkoak».
Omenaldi kutsua hartu zuen azaroan egindako azken agurrak, eta momentu horiek ere gordeta izan dituzte. Bihar, berriz, agerian geratuko dira.
DVD formatuan
Xabier Crespo izan da Sarkorren ibilbidea batzeaz arduratu dena, eta hark zuzendu du Elai-Alai aretoan aurkeztuko den lana. Bideo grabaketan, gainera, Filmakek lagundu diola jakinarazi du Musak.
Bakarrik Gernika-Lumoko aretoan proiektatzea aurreikusi dute, baina nahi duenak DVD formatuan eraman dezake etxera, diskoekin moduan, fisikoki ere landu nahi izan dute eta.