San Migel jaiak irailari amaiera ematera datoz
Sanmigelek hainbat herri festa giroan murgilduko dituzte bihartik hasita. Amoroto, Ereño, Mendata, Bermeo, Busturia, Arretxinaga edota Ispasterko bizilagunek jardueraz beteriko asteburua dute aurrean.Festaz beteriko egunak heltzear daude Busturialdeko...
Sanmigelek hainbat herri festa giroan murgilduko dituzte bihartik hasita. Amoroto, Ereño, Mendata, Bermeo, Busturia, Arretxinaga edota Ispasterko bizilagunek jardueraz beteriko asteburua dute aurrean.
Festaz beteriko egunak heltzear daude Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hainbat herritara. San Migel jaietan murgiltzeko aukera ederra edukiko dute herritarrek asteburu osoan.Zapatua izango da jaietako egun nagusia, San Migel Eguna, eta han-hemenka ariko dira mendatarrak; meza ospatu ostean, Elexalde auzotik irtengo dira, eta photocall batean guztien artean argazkiak ateratzeko aprobetxatuko dute. Ostean, erromerian ibiliko dira Puro Relajo taldeagaz, Mendaturi auzorako bidean Guadalupeko Amabirjina aurkitzeko lanetan ari diren bitartean. Horrela, zaldiek tiratutako burdi eta gurdien artean, natxoak eta takoak dastatzeko aukera edukiko dute, mexikar musikaz gozatu bitartean. Jaietako egun nagusia bukatzeko, su artifizialen ikuskizuna izango dute, erromeriak eta Oihan Vega DJak girotuta.
Ereñotarrek ere zapatua izango dute jaiez gozatzeko egun berezia; janari eta dantzen inguruan ospatuko dute eguna. Horretarako, Sukalki Txapelketa- gaz hasiko dira arratsaldea iristean, eta, ostean, umeek eta helduek hainbat denborapasa izango dituzte: puzgarriak, Mus Txapelketa edota Perra Joko Lehiaketa, besteak beste. Zapatua bukatzeko, pintxo pote ederraz eta Itzalak taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute.
Janaria, kirola eta musika
Bermeoko San Migel auzoan, bestetik, kirola izango da zapatu goizeko protagonista: Mountain-bike lasterketak auzokoak batuko ditu. Arratsaldean, ordea, musikaz alaituko dute auzoa, eta Unholy Covers talde bermeotarraren rock abestiek jendea dantzan jarriko dute.
Amorotarrek eta ispartertarrek zapaturako bakarrik prestatu dute egitaraua. Amoroton, bertako garagardoen azoka egingo dute, eta Ispasterren, berriz, Bizkaiko Orga Joko Txapelketaren saioa ikusteko aukera edukiko dute.
Busturian, azkenik, domekan ospatuko dituzte jaiak. Altamira auzoan egingo dituzte ospakizunak, eta dagoeneko ohitura denez, giza eta zaldi probak ikusi ahalko dira bertan. Horien ostean, bertso saioa egingo dute auzoko liburutegian Onintza Enbeita, Ander Elortegi, Julen Ibarguengoitia eta Ibai Amillategi bertsolarien partaidetzagaz.