Mareak jaialdiak hainbat estilotako ekimen kulturalak eskainiko ditu
Berritasunek eta tradizioak bat egingo dute jaialdian. Urriaren 5etik 11ra arte iraungo du, eta zortzi ekitaldi prestatu dituzte. Mareak ospatzen duen laugarren aldia izango da aurtengoaMareak jaialdiak berritasunak eta tradizioa batzen dituen hainbat ...
Berritasunek eta tradizioak bat egingo dute jaialdian. Urriaren 5etik 11ra arte iraungo du, eta zortzi ekitaldi prestatu dituzte. Mareak ospatzen duen laugarren aldia izango da aurtengoa
Mareak jaialdiak berritasunak eta tradizioa batzen dituen hainbat arte-diziplanatako ekimenak ekarriko ditu Bermeora urriaren 5etik 11ra bitartean. Egun horietarako, kontzertuak, ipuin kontalariak edota dokumentalen proiekzioak batzen dituen zortzi ekitaldi kultural prestatu dituzte jaialdiaren antolatzaileek.Jaialdiaren aurkezpenean, Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo zinegotzia eta Ane Ortube jaialdiaren antolatzailea izan ziren. Nabarmendu zutenez, Mareak jaialdi «berezi eta bitxia» da, eta inguruko herrietan antzeko estiloko zerbait aurkitzea zaila da. Hala izanik, jaialdia antolatzean «normalean inor ohartu barik igarotzen diren bitxi eder eta txikiak» ekartzeko ahaleginak egin dituztela argitu zuten, herritarrei «eskura ez dauden» ikuskizunak eskaintzeko.
Egitarau zabala eta anitza prestatu dute, eta inguruko zein nazioarteko era guztietako artista eta sortzaileekin lan egiten dute 2015. urtean hasi zuten egitasmoari bizia emateko. Ikuskizunak Bermeo osotik banatuko dituztela adierazi zuten. Ekitaldiak Kafe Antzokian, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean eta Arrantzaleen Museoan ikusi ahalko dira.
Musika psikodelikoa
Besteak beste, Japoniatik etorritako Acid Mother Temple & The Melting Paraiso taldearen kontzertua entzuteko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. «Psikodelia japoniarraren erregeek» Europan lan berria zuzenean aurkeztuko duten lehen aldia izango dela nabarmendu zuten antolatzaileek.
Ortubek azaldu zuenez, urte osoan jaialdiaren egitaraua «ilusioz» prestatzen aritu dira, eta jendearentzat «interesgarria» izatea espero dute. Amaitzeko, antolatzaileek Bermeoko zein inguruetako pertsona guztiak gonbidatu zituzten jaialdira joatera, «kulturagaz gozatzeko aukera paregabeak» eskainiko dituelako.