Oskol berria, mami bera
Azpiegituretan aldaketak egongo badira ere, jatorrizko izaerarik ez dute galduko Arretxinagako jaiek. Ohiturek eta ekimen berriek beteko dute plaza. Herritarren parte hartzea eskatu duteEzohikoak izango dira jaiak aurten Arretxinagan. Xemeingo udaletxe...
Azpiegituretan aldaketak egongo badira ere, jatorrizko izaerarik ez dute galduko Arretxinagako jaiek. Ohiturek eta ekimen berriek beteko dute plaza. Herritarren parte hartzea eskatu dute
Ezohikoak izango dira jaiak aurten Arretxinagan. Xemeingo udaletxe zaharra obretan egoteak halabeharrezko aldaketak eragingo ditu azpiegitura mailan. Hala ere, San Migel jaiek ez dute dagokien izatea galduko. Jaiak kinka larrian egon direla aitortu badute ere, Arretxinagako Jai Batzordeak aurrera egitea erabaki du borondate on guztiagaz, ahal izan duten egitarau osatu eta erakargarriena prestatuz.Urteroko ohiturek beteko dute plaza San Migel egunez, Xemeingo Ezpata Dantzak eta Mahai Gainekoak, baina emanaldi berriekin gozatzeko aukera ere egongo da; Zerutxu Dantza Taldeagaz elkartrukea egingo duen Esbart Dansaire Granollers dantza taldearen ikuskizunagaz ere gozatu ahalko da. 25 bat dantzari datozela aurreratu dute Zerutxukoek.
Eusko Label Saria Urrezko Aizkolari Kopa ere lehiatuko da aurtengo jaien baitan. Euskal Herriko aizkolari onenek parte hartzen dute Urrezko Kopan, eta Donato Larretxeak 1995ean egindako marka da oraindik ere altuena: 27 minutu eta 17 segundo. Larretxea bera Arretxinagan egongo da bihar, Joxean Etxeberria nafarragaz eta Eloy Corchero Arabako Txapeldunagaz batera. Hiru aizkolariek zortzi enbor moztu beharko dituzte.
Horrez gain, Kirolbet Saria Harrijasotze Txapelketa ere jokoan egongo da. Xabat Olaizola zarauztarrak eta Aritz Etxebarria Ureta ermuarrak 100 kiloko zilindroa, kubikoa eta bola jaso beharko dituzte. Bestalde, X. Arretxinaga Futbol Txapelketako kopa lehiatuko dute Artibaiko beteranoek Bilboko Solokoetxe taldekoen kontra bihar arratsaldean, Barroetan.
Tortilla eskaera
Iaz modura, bihar iluntzean, Gozo-Gozo taldeak giroa alaitzen duen bitartean, erreki sorta dastatzeko aukera eskainiko dute. Saiheski, solomo, txistorra eta urdaiazpiko pintxoak egongo dira, dantzari tartea egin eta mokadutxoa hartzeko.
Domekarako berriz, X. Tortilla Txapelketa dute prest. Egun horretan tortillak eroatera animatzeagaz gain, zapatuan ere tortillak eramateko eskaria egin diete jai batzordeko kideek auzotarrei. «Aurten daukagun azpiegitura bereziagatik ezin ditugu patata tortillak egin, ez behintzat aurreko urteetan legez», azaldu dute. Tortillak 12:00etarako entregatu behar dira txosnan. «Tortillak ekartzen dituztenei detailetxo bat emango zaie».
Umeei begirako arratsaldeagaz ere ez da ahaztu Arretxinagako jai batzordea. Hala, etzi, Hortzmuga antzerki taldearen June proiekzio handiko ikuskizuna eta Sustraiak Naturak antolatutako gune ezberdinak edukiko dituzte hainbat jokorekin gozatzeko. Eta, ohi modura, lehen mailako antzezlanagaz emango diete amaiera jaiei. Txalo antzerki konpainiak Ergela antzezlana eskainiko du. Soberan ezagunak diren Sara Cozar eta Joseba Apaolaza dira aktoreak.
Aurten duten egoera bereziagatik batez ere, Arretxinagara joan eta jaian parte hartzeko gonbidapena egin dute Arretxinagako jai batzordeko kideek,«batzuetan indarra behar izaten delako jarraitzeko».