Gaur [irailak 29] Markina-Xemeingo Arretxinaga auzora hurreratu direnek jaietako egun handiagaz gozatzeko aukera izan dute. San Migel eguna mezagaz hasi dute Arretxinagako baselizan herritarrek.
Jaiek euren betiko izateari eutsi diote aurten ere, eta ohiturez jarraituz, urtean behin ikus daitekeen Xemeingo Ezpata Dantza dantzatu dute Zerutxu dantza taldekoek. 12:00ak pasatxo atera dira Zerutxuko dantzariak ezpatak eskuan. Hamabi ezpata dantzariek, maisu zaharrak eta lau ezpatatxinek ezpata motzak hartuta egin dute dantzan. Momenturik hunkigarriena maisu zaharra ezpata dantzarien gainera igo dutenean izan da. Ezpata Dantzaren ostean, urtero legez, Aurresku tradizionala interpretatu dute; tartean, Fandago eta Arin-Arinak ere dantzatu dituzte publiko artetik dantzatzera atera dituztenekin batera.
Xemeingo Ezpata Dantza
Zerutxukoek emanaldi ederra eskaini dute Xemeingo udaletxe zaharraren aurreko plazan batutako jendetzaren aurrean. Eta dantza giroagaz jarraitzeko, aurtengo gonbidatuek ere egin dute dantzan. Herrialde Katalanetatik etorri diren Esbart Dansaire De Granollers dantza taldeak XVIII. eta XIX. mendeetan sortutako dantza tipikoak dantzatu dituzte hemeretzi dantzarik, bost musikarik lagunduta.
Jantzi tradizionalekin egin dute dantzan. Tartean, herritar aberats, erdi mailako klasekoak eta herritar xehez jantzita agertu dira. “Gizarteko klase guztiak irudikatu ditugu”, azaldu du Josep Forns taldeko dantzari beteranoenak.
Arretxinagan batu direnek Herrialde Katalanetako folklorea gerturagotik ezagutzeko aukera izan dute. Danças de Vilanova i la Geltru, Ball Pla de Granollers dantzatu dituzte goizean. Arratsaldean, berriz, beste dantza batzuk ere eskaini dituzte; Dança del Castellterçol, Corrandas (bat-bateko kantuekin), Quadrilla de Martorell, besteak beste.
Harri jasotzen eta aizkoran aritu diren bost kirolariak. Ezkerretik eskumara: Aritz Etxebarria, Jon Urañeta, Eloy Corchero, Joxean Etxeberria eta Donato Larretxea
Arratsaldean, gainera, herri kirolen txapelketa ere egin da, zaleen gozamenerako. Alde batetik, Urrezko Aizkolari Koparen bigarren jardunaldia jokatu da, eta, bestetik, Gabonetako Harrijasotze Koparen jardunaldia ere jokatu dira. Aritz Etxebarria Ureta eta Jon Irañeta harrijasotzen aritu dira. Hiru minutuko tartean 100 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko harri kubikoa eta 100 kiloko bola jaso behar izan dituzte. Lehia estua izan baldin bada ere, norgehiagoka Irañetak irabazi du 58 jasoaldi (24-17-17) eginda. Uretak, ostera, 7 jasoaldi gutxiago egin ditu (22-17-12).
Donato Larretxeak, Joxean Etxeberriak eta Eloy Corchero aizkolariek, berriz, zortzi kanaerdiko moztu behar izan dituzte. Hiru aizkolariak nahikoa parekatuta hasi badira ere, azken enborretan aurrea hartzen joan dira Larretxea eta Etxeberria. Lanak amaitzen lehenengoa Etxeberria izan da, 24 minutu eta 40 segundo behar izan ditu. Bigarren, Larretxea sailkatu da 26 minutu eta 9 segundoko denboragaz. Corcherok, azkenik, 27 minutu eta 15 segundotan amaitu ditu lanak. Emaitzak kontuan hartuta, Etxeberriak eta Larretxeak lortu dute txapelketan jarraitzeko txartela.
HONEKIN LOTUTA: Txirrindulariz bete da Arretxinagako plaza sanmigeletako bigarren egunean
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.