Mutrikuko Mijoa auzoko sanjeronimoetan euria egitea ohikoa baldin bada ere, aurtengoan, eguraldi ona eta eguzkitsua izan da nagusi. Ospakizunei dagokienez, bi egunez auzoa jaietan murgilduta egon da, eta ekintzak arrakastaz eta
giro onean egin direla aitortu dute jai batzordeko kideek.”Jaiak oso ondo joan dira. Gustura geratu gara. Eguraldi ona egin du, eta nahikoa jende ibili da auzoan”.
Jaietako egun handia eta bereziena domekakoa [irailak 30] izan bazen ere, zapatuan [irailak 29] ere egon zen zer ospatu San Jeronimon. Besteak beste, auzo bazkaria egin zuten, eta bertan
50 lagunetik gora batu ziren, giro ezinhobean.
Domekan, aldiz, San Jeronimo eguna goi-goitik ospatu zuten. Ohi modura, meza egin zen auzoko ermitan, eta urteroko hitzorduari hutsik egin ez zion jende asko batu zen elizkizunean. Elizkizuna bukatu ondoren, auzokoen arteko
herri kirol erakustaldia ikusteko aukera eduki zuten bertaratuek.
Gaztetxoak zezen txikiekin jolasten. Argazkia: San Jeronimoko Jai Batzordea
Erakustaldia giro onean egin zen, eta auzotarrek ez ezik, kanpotik gerturatutakoek ere herri kiroletan aritzeko aukera izan zuten. Gazteenek, gainera, herri kirolen bueltan lanean hasteko
egun aproposa izan zuten etxekoek lagunduta, euren neurrira prestatutako probetan. Txoko batzen, trontzan… Pisu gutxiko harriak ere ekarri zituzten, eta umeek harri jasotzen ibiltzeko aukera izan zuten. “Familiarteko giro polita sortu zen herri kirolen tartean”.
Arratsaldean, berriz, Hipo eta Tomax pailazoek ume eta gaztetxo asko erakarri zituzten auzora. Pailazoen ikuskizunaren ondoren, Ibiri baserriko pottoka gainean ibiltzeko ziren umeak, eta ausartenak zezen txikien aurrean ibili ziren jaietako agertoki atzeko zelaian. Urtero modura, Isasiko Patxilin ere bere torero mozorroa jantzita ibili zen zezen txikien aurrean.
Jaiak amaitzeko, zozketa egin zuten. Honakoak izan dira zenbaki sarituak. Lehenengo saria (600 euro): 3568 (5941 ordezkoa). Bigarren saria (300 euro): 8039 (8947 ordezkoa). Zozketa irabazlea ez dela agertu azaldu dute. Irabazleak hamabost eguneko epea izango du.
Jai Batzordeko kideek txosnako sukaldean aritu diren
auzotarren lana goraipatu nahi izan dute. “Sukaldeko andrek urrea merezi dute. Lan zoragarria egin dute, eta, betiko legez, San Jeronimoko tortillek sekulako arrakasta izan dute”.