Urtero modura, urriko bigarren zapatua Lea-Artibaiko nekazari, ekoizle eta abeltzainen lanaren erakusleihoa izango da. Berritasunez beteta dator aurten, gainera, Urriko Azoka Nagusia. Beste batzuen artean, Blonda lehiaketaren ordez Lea-Artibaiko ganaduaren erakusketa eta lehiaketa egingo da, eta estreinako aldiz, bertoko produktuekin osatutako I. Bazkari Herrikoia.
Beti bezala Markina-Xemein izango da nekazari, abeltzain eta azoka zaleen bilgunea. Azokak 10:00etan zabalduko ditu ateak, eta egun osoko egitaraua edukiko dute bertaratzen direnek.
Zelaia eta inguruak eta udaletxe osteko aparkalekuaren konpondutako alderdia hartuko ditu aurten azokak. Ohi modura, aparkalekuan egongo dira animaliak eta bertan egingo da Lea-Artibaiko ganaduzaleen erakusketa eta lehiaketa. Azoka antolatzen duen Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkarteko arduradunek azaldu dutenez, behiek eta zaldiek parte hartuko dute lehiaketan. «Zaldiak sokan lotuta egongo dira eta arraza ezberdinetako behien erakustaldia egingo da horretarako prestatuko den karratuan». Epaileek emandako ebazpenaren arabera, behien arraza bakoitzeko sari bat emango dute eta zaldien lote onena sarituko da.
Salmenta zuzeneko 89 saltoki egongo dira: baserriko produktuen 64 saltoki, artisauen beste 20 postu, landara mintegi bat eta baserri tresnen lau saltzaile
Guztira, eskualdeko 39 abeltzainen 280 abelburu baino gehiago batuko dira azokan: behien 80 buru, zaldien 40 buru eta 162 ardi. Horrez gain, Euskal Herriko arraza ezberdinetako abereen erakusketa ere egongo da. Horrela, montxina eta terreña behiak, sasi ardiak, ahuntz azpigorriak, mendiko zaldiak, euskal artzain txakurrak –iletsuak eta Gorbeiakoak– eta Enkarterriko txakur billanoak, euskal oiloak –beltza, gorria, zilarra, marraduna eta lepasoila– eta euskal antzara ikusgai egongo dira.
Jendea gozoak erosten postu batean.
Baserriko produkturik onenak dastatzeko edo erosteko aukera paregabea eskainiko du azokak. Oraingoan salmenta zuzeneko 89 saltoki egongo dira: baserriko produktuen 64 saltoki, artisauen beste 20 postu, landara mintegi bat eta baserri tresnen lau saltzaile. Urtero modura, ortuari mahairik onenak saria izango du.
Karpa erraldoia. Zelaiko gunea itxuraldatuta egongo da aurtengo azokan. Berritasun modura karpa erraldoi bat jarriko dute berdegunean eta Zelaiaren inguruan kokatuko diren saltokiak bertara begira egongo dira. Zelaiko karpa horretan egingo dira eguneko ekintza gehienak. Bertan banatuko dira esate baterako, Lea-Artibaiko Ganadu Lehiaketako sariak 16:30ean.
11:00ak inguruan, baserriko ogi eta Idiazabal gazta lehiaketa hasiko da. Parte hartzaileek euren produktuak eramango dituzte bertara eta epaimahaiak erabakiko du zein izango den saria eramango duena. 12:00etan, berriz, behi baten atalak ezberdintzen ikasteko ekimen berezia antolatu dute. Behi baten kanal erdi zatituko du atalez atal harakin batek pieza bakoitzak zertarako balio duen azalduz. «Jaten denari buruz kontzientzia hartzea da ekimenaren helburua, kalitate eta jatorria kontuan hartzeko». Behia zatitu ahala atalak plantxan erreten joango dira eta pintxo modura salduko dituzte.
I. Bazkari Herrikoiko txartelak salgai daude udaletxeko harreran 15 eurotan
Bestalde, aurtengo berritasun nabarmenena bertoko produktuekin prestatutako herri bazkaria izango da. Zelaiko karpan izango da bazkaria 14:30ean, eta hiru platereko menua edukiko dute mahaikideek: entsalada, sukalkia eta eskualdeko gozoekin osatutako postrea. Bazkariaren prezioa 15 eurokoa izango da, ogia, ura, sagardoa eta txakolina barne, eta txartelak aldez aurretik erosi beharko dira udaletxeko harreran.
Sari banaketaren ostean, herri kirol ekitaldia egongo da karpan, eta eguna biribiltzeko, 18:30ean, Hika Teatroa konpainiaren Sagartuikuskizuna egongo da herri bibliotekaren aurreko plazatxoan, Uhagon Kulturguneak antolatuta. “Sagarra oinarri duen kaleko ikuskizun multidisziplinarra da Sagartu, zuzeneko musika, antzerkia eta dantzarekin”, azaldu dute.
Horrez gain, Leartibai Garapen Agentziak antolatuta elikadura eta kultur tailerrak egongo dira goizean, Uhagon kulturgunean. Ore amarekin ogia egiten ikasteko tailerra emango dute alde batetik, 11:30etik aurrera. “Ordu eta erdian prozedura azaldu eta ogi ale bat prestatuko dute, eta bakoitzak landutako ogia eramango dute gero, etxera”, azaldu dute. Bestalde, 12:30ean artilea lantzeko prozesua erakutsiko dute erakusketa baten bidez, eta hurbiltzen direnek artilea lantzeko aukera ere edukiko dute oroigarri bat ere eginez. Ogia egiteko ikastaroan parte hartu nahi dutenek Leartibai Garapen Agentziara deitu edo mezu bat bidali behar dute turismo@leartibai.com helbidera.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.