Done Mikelen aldamenean
Adin guztietako markina-xemeindarren bilgune izan da asteburuan Arretxinaga. Usadio zahar eta ikuskizun berriekin gozatu dute urteroko hitzorduari hutsik egin barikArretxinagako plaza aurtengo jaietan itxuraldatuta egon baldin bada ere, San Migel jaiek...
Adin guztietako markina-xemeindarren bilgune izan da asteburuan Arretxinaga. Usadio zahar eta ikuskizun berriekin gozatu dute urteroko hitzorduari hutsik egin barik
Arretxinagako plaza aurtengo jaietan itxuraldatuta egon baldin bada ere, San Migel jaiek betiko izateari eutsi diote beste behin ere. Eguraldia lagun, gainera, asko izan dira urteroko hitzorduari hutsik egin ez dioten ume, gazte eta helduak. Usadio zaharrek eta ikuskizun berriek erakarri dituzte batzuk eta besteak goiko plazara eta aurten karpapean egon den probalekura.Ohiturei jarraituz, urtean behin ikus daitekeen Xemeingo Ezpata Dantza dantzatu zuten Zerutxu dantza taldekoek San Migel Egunean Xemeingo udaletxe zaharraren aurreko plazan. Hamabi ezpata dantzariek, maisu zaharrak eta lau ezpatatxinek ezpata motzak hartuta egin zuten dantzan. Aurresku tradizionala ere interpretatu zuten, eta Fandago eta Arin-Arinak dantzatu zituzten publiko artetik dantzatzera atera dituztenekin batera.
Dantza giroagaz jarraitzeko Herrialde Katalanetatik etorritako Esbart Dansaire De Granollers dantza taldeko hemeretzi dantzarik XVIII. eta XIX. mendeetan sortutako dantza tipikoak dantzatu zituen bost musikarik lagunduta. Gizarteko klase guztiak irudikatu zituztela azaldu zuen Josep Forns taldeko dantzari beteranoenak. Hala, Danças de Vilanova i la Geltru, Ball Pla de Granollers dantzatu zituzten goizean. Arratsaldean, berriz, beste dantza batzuk: Dança del Castellterçol, Corrandas (bat-bateko kantuekin) eta Quadrilla de Martorell, besteak beste.
Herri kirolen txapelketa ere lehiatu zuten zapatuan, zaleen gozamenerako. Alde batetik, Urrezko Aizkolari Koparen bigarren jardunaldia jokatu zen, eta, bestetik, Gabonetako Harrijasotze Koparen jardunaldia. Aritz Etxebarria Ureta eta Jon Irañeta aritu ziren zein baino zein gehiago harri jasotzen. Hiru minutuko tartean, 100 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko harri kubikoa eta 100 kiloko bola jaso behar izan zituzten. Lehia estua egon baldin bazen ere, norgehiagoka Irañetak irabazi zuen 58 jasoaldigaz (24-17-17). Uretak zazpi gutxiago egin zituen (22-17-12).
Txirrinduzalez bete
Donato Larretxeak, Joxean Etxeberriak eta Eloy Corchero aizkolariek, berriz, zortzi kanaerdiko moztu behar izan zituzten. Hiru aizkolariak nahikoa parekatuta hasi baziren ere, azken enborretan aurrea hartzen joan ziren Larretxea eta Etxeberria. Lanak amaitzen lehenengoa Etxeberria izan zen, 24 minutu eta 40 segundo behar izan zituen. Bigarren, Larretxea sailkatu zen 26 minutu eta 9 segundoko denboragaz. Corcherok, azkenik, 27 minutu eta 15 segundotan amaitu zituen lanak. Emaitzak kontuan hartuta, Etxeberriak eta Larretxeak lortu zuten txapelketan jarraitzeko txartela.
Txirrinduzalez bete zen domekan Arretxinagako plaza. Markina-Xemeingo BTT martxa ospatu zen San Migel jaietako bigarren egunean, eta 186 txirrindulari txikik eta handik parte hartu zuten Markina-Xemein inguruetan egin ziren hiru martxetan.
09:00etan abiatu ziren 40 kilometroko ibilbide luze eta 26 kilometroko ibilbide ertainetan parte hartu zuten 120 txirrindulariak. Ibilbidea siku zegoela eta, gustura ibili ziren Santa Eufemi eta Akarregi inguruetako bideetan zehar.
Barroeta kirolguneko zirkuitu berria estreinatu zuten, berriz, 11:00etatik aurrera pedalkadak eman eta eman aritu ziren 66 ume, gazte eta nagusiek. Lehen aldapan behera trabatuta gelditu ziren batzuk, eta pilaketak ere egon ziren. Hala ere, zirkuituari bueltaka ibili ziren denak, eta txikienak Arretxinagara itzuli ondoren, ostera luzeagoa egin zuten nagusiagoek.
Arantza eta Pantxo taldeak eguerdia girotzen zuen bitartean, X. Tortilla Txapelketako irabazlea erabaki zuen epaimahaiak. 37 tortilla aurkeztu ziren lehiara, eta lehen aukeraketa bat eginda, hamazazpi heldu ziren finalera. Guztien gustua, egosi puntua eta itxura kontuan hartuta eman zituzten puntuak epaimahaiko kideek, eta jai batzordekoekin batera zenbatu zituzten. Bego Fernandezen tortilla izan zen irabazlea: herriko jatetxe batean bi lagunentzako jatordu bat eta txapela izan zituen sari.
Tortillarik ez da falta izan Arretxinagan. Aurtengo azpiegitura aldaketak eraginda, tortillak Arretxinagan bertan egitea ezinezkoa zitzaion jai batzordeari, eta hori dela eta, laguntza bila tortillak eramateko eskaria egin zuten. Deiak eduki du erantzuna, eta herritarrek erakutsitako eskuzabaltasuna eskertu dute jai batzordekoek. Izan ere, 58 tortilla jaso zituzten zapatuan eta beste 37 domekan.
Umeek gozatzeko moduko eguna izan zen domekakoa. Hortzmuga taldeak Jule kale ikuskizuna antzeztu zuen arratsaldean, eta ikusleak ere Benito, Jule eta haren ilobaren abenturen eta ametsen parte izan ziren. Amaitutakoan, Sustraiak Naturak antolatutako eskulan eta jolasekin olgetan ibili ziren ume eta gazteak, eta, amaitzeko, buruhandien aurrean egin zuten aringa-aringa.
Jaiei amaiera bikaina emateko, Txalo Konpainiaren Ergela antzezlana ikusteko aukera egon zen probalekuko karpan gauean Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktore ezagunekin, eta su eta argi ikuskizunak argitu zuen azken gaua.