Gipuzkoako Nagusien Bira Mutrikura heldu da
Nagusien balioaz eta eskubideen defentsaren garrantziaz sentsibilizatzeko kanpaina Gipuzkoatik dabil, herririk herri, eta, gaur, Mutrikura heldu da, 10:30ean; aurreikusitako orduan.
Goiko Plazan, Jose Angel Lizardi alkatearekin batu eta Nagusien Biraren manifestua eman diote Mutrikuko Anaiarte nagusien elkarteko lehendakari Eusebio Azkue eta idazkari Anbroxi Goenagak eta Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteko lehendakariorde Felix Elkorok.
Manifestuak jasotzen duenez, zahartze aktiboa sustatu nahi dute, eta pentsioen jasangarritasuna bermatu. “Garrantzitsua da pentsio duineko pertsona nagusiek eros-ahalmena galtzen ez duten sistema publikoa bermatzea”, adierazten da manifestuan. Arrazoi horregatik, pentsio igoera KPIari lotuta egon behar da, haien ustez.
Udalari bederatzi eskaera egin zizkioten manifestuaren bidez: erretirodunen zentroekiko harreman instituzional hobea bultzatzea, zentroon jasangarritasun ekonomikoa bermatzea, pentsio duin eta zuzenago baten aldeko eskabideak babestea, mota guztietako hesiak ezabatzea eta herriko espazioak pertsona guztientzat ahalbidetzea, Euskadi-Lagunkoia proiektuarekin bat egitea, herri mailako Pertsona Nagusien Kontseiluak bultzatzea, heziketa aktiboa bultzatzea, domotikaren aldeko apustua egitea eta ez desiratutako bakardadeari eta isolamenduari amaiera ematea.
Manifestuan zera gehitu dute; “zaharkeriaren” fenomenoak adinean oinarritutako diskriminazioak, eragina daukala, eta bizitza arruntean bezala bizitza administratiboan konpontzen joan behar duela. “Eskatzen ditugu hurbiltasun gehiago eta urruntze gutxiago, zuzeneko erlazio gehiago eta burokrazia gutxiago”, zehaztu dute.
Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak bat egin du nagusien aldarrikapenekin. “Errealitatea da gero eta erretiratu gehiago daudela eta gero eta gutxiago kotizatzen dela. Beraz, ongizateko zerbitzu guztiei erantzun ahal izateko, erakundeen inplikazioa beharrezkoa da; denon artean koordinatuta jokatu beharko genuke. Guk Anaiarterekin harreman zuzena daukagu, eta interesgarria da beraien aldarrikapenak ezagutzea. Guk ahal dugun neurrian lagunduko diegu “, adierazi du alkateak.
Nagusien Bira Mendarotik etorri da Mutrikura, eta Mutrikutik Debarantz jo dute. 12:00etarako egon behar ziren Deban. Nagusien Bira urriaren 5ean amaituko da, Donostian. Manifestua Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanori ere eman nahi diote.