Mutrikuko Laranga auzoak batzarra deitu du eman beharreko pausoak adosteko
Laranga auzoak deituta, batzarra egingo da, bihar, 20:00etan Zabiel Kultur Etxean, Mutriku eta Deba batzen dituen errepideko lanek edukiko dituzten eraginen aurrean helburuak zehaztu eta eman beharreko pausoak argitzeko. Batzarra aurreko astekoaren jarraipena izango da.
Errepideko lanen proiektuaz kezkatuta, eta Laranga auzokoen deiari erantzunez, 60 lagun inguru batu ziren aurreko asteko batzarrean. “Batzarrak herri guztiari zabalik daude, baina dei berezia egiten diegu enpresa munduko kanpin, hotel, jatetxe, taberna, baserri eta dendariei”, adierazi du Arbe Hoteleko arduradun Iñaki Arinek. Batzartzen jarraitzeko beharra ikusi du Arinek, “jendeak ez dauka eta informazio zehatzik. Kalean entzundakoa edo prentsan irakurritakoa, besterik ez”.
Iñaki Arinen esanetan, inguruko herrietan ere sortu da kezka. “Badakigu Ondarroako eta Debako jendea ere lanei buruz galdezka ari delak kezkatuta. Izan ere, lan hauek ez die bakarrik mutrikuarrei eragingo”, gogoratu du Arbekoak. Edozelan ere, Arinek dioenez aurreko batzarrean argi geratu zen jendearen ustez lanak herri batean ala bestean egin, desberdin jokatzen dela. “Gipuzkoako beste herri batzuetan ez da gertatzen horrelakorik. Mutriku galdutako herria da lan hauen arduradunentzat. Bazterrean dagoen herria da”.
Lanak ekainerako jarri behar ziren martxan, baina Kosta Departamentuari ere eragiten zionez, eta tartean Madrilgo gobernua aldatu egin zenez, ezin izan zen aurrera egin zuzendari berria aukeratu arte. Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak dioenez, horren ondorioz, dena atzeratu da; lizitazioa barne. Lizitazioa irekita dago, eta bost enpresa aurkeztu dira.
Udalburuak dioenez, Mutriku eta Deba batzen dituen GI-638 errepideko lanak “ziurrena urtarrilean hasiko dira”. Lanek 14 hilabeteko iraupena edukiko dute; eta 14 hilabete haietatik, bost hilabete kritiko egongo dira; puntu bietan lanean dauden denbora. “Denbora tarte horretan errepidea erabat zarratuta egongo da. Handik aurrera, trafikoa semaforoen bidez zainduta egongo da. Diputazioan esan digute oso kontuan hartuko dutela enpresek lanak egiteko proposatuko duten denbora. Izan ere, zenbat eta denbora gutxiago egon errepidea moztuta, oraindik eta hobeto”, adierazi du Lizardik.